Argazkilaritzaren luzemetraia

Zarauzko Hitza 2012ko urtarrilaren 25a

Argazkigintzaren bilakaera ezagutzera emateko ahaleginean, Photomuseum Argazki eta Zinema Museoak Ate irekia. Argazkigintzaren historia zinema zikloa jarri du abian. Joan den astean eman zieten hasiera emanaldiei, Argazkintzaren gozamena ikus-entzunezkoarekin, eta gaur arratsaldean atal beraren gaztelaniazko bertsioa emango dute; El placer de fotografiar, alegia. Euskal Telebistaren enkarguz, Eduardo Momeñe argazkilari bilbotarrak ekoitzitako telesailak osatzen du zinema zikloa. Duela urte batzuk pantaila txikian eman ondoren, ekoizpenaren eskubideak erosi zituen Photomuseumek, eta, orain, jende aurrean ematea erabaki du. Argazkilaritzaren historiaren errepasoa dela nabarmendu du museoko arduradun Ramon Serrasek: «Atalez atal eta aldian-aldian, argazkilariak zeintzuk izan diren, zer asmatu duten, beren ekarpenak zeintzuk izan diren eta beren pentsamoldeek zer-nolako garrantzia izan duten aztertuko dugu». Garai batekoak eta oraingoak Historian zehar bidaia egiteko aukera emango du zikloak; hau da, hasierakoengandik hasi eta gaur egungo argazkilarienganaino. Ikus-entzunezkoek garai bateko kontuak ez ezik, oraingoak ere sakontzen dituzte. Hala, Francis Firth, Samuel Bourne eta Fox Talbot bezalako aintzindariekin hasiko dira, eta Cindy Sherman, Pere Formiguera eta Joan Fontcubertaren lanak aurkeztuz bukatuko dute zinemaldia. Guztira, 26 emanaldi eskainiko dituzte; 13 atalek osatzen dute programa, baina atal bera euskaraz eta gaztelaniaz emango dute hainbat astetan. Ate irekia zikloak uztailaren 11ra arte iraungo du, eta asteazkenero-asteazkenero emango dute, 19:00etatik aurrera, euskarazko [...]

Argazkigintzaren bilakaera ezagutzera emateko ahaleginean, Photomuseum Argazki eta Zinema Museoak Ate irekia. Argazkigintzaren historia zinema zikloa jarri du abian. Joan den astean eman zieten hasiera emanaldiei, Argazkintzaren gozamena ikus-entzunezkoarekin, eta gaur arratsaldean atal beraren gaztelaniazko bertsioa emango dute; El placer de fotografiar, alegia.
Euskal Telebistaren enkarguz, Eduardo Momeñe argazkilari bilbotarrak ekoitzitako telesailak osatzen du zinema zikloa. Duela urte batzuk pantaila txikian eman ondoren, ekoizpenaren eskubideak erosi zituen Photomuseumek, eta, orain, jende aurrean ematea erabaki du. Argazkilaritzaren historiaren errepasoa dela nabarmendu du museoko arduradun Ramon Serrasek: «Atalez atal eta aldian-aldian, argazkilariak zeintzuk izan diren, zer asmatu duten, beren ekarpenak zeintzuk izan diren eta beren pentsamoldeek zer-nolako garrantzia izan duten aztertuko dugu».

Garai batekoak eta oraingoak
Historian zehar bidaia egiteko aukera emango du zikloak; hau da, hasierakoengandik hasi eta gaur egungo argazkilarienganaino. Ikus-entzunezkoek garai bateko kontuak ez ezik, oraingoak ere sakontzen dituzte. Hala, Francis Firth, Samuel Bourne eta Fox Talbot bezalako aintzindariekin hasiko dira, eta Cindy Sherman, Pere Formiguera eta Joan Fontcubertaren lanak aurkeztuz bukatuko dute zinemaldia. Guztira, 26 emanaldi eskainiko dituzte; 13 atalek osatzen dute programa, baina atal bera euskaraz eta gaztelaniaz emango dute hainbat astetan. Ate irekia zikloak uztailaren 11ra arte iraungo du, eta asteazkenero-asteazkenero emango dute, 19:00etatik aurrera, euskarazko eta gaztelaniazko ikus-entzunezkoak txandakatuz.

Ordu erdi inguruko saioak izango dira, eta antolatzaileek, printzipioz, ez dute hitzaldirik eskainiko. Hala eta guztiz ere, jendearen zalantzak argitzeko edo galderak erantzuteko prest daudela jakitera eman du Serrasek. Sarrera doakoa izango da, eta filmarekin batera, museoak erakusgai duen argazki erakusketa ikusteko aukera eskaintzen du. «Nolabait esateko, arratsalde pasa polita eskaintzen dugu», dio Photomuseumeko arduradunak.

Lehen saioak erantzun polita izan zuela azaldu du: «Dozena bat lagun gerturatu ziren, eta gustura geratu ginen . Horrela jarraitzen baldin badu, primeran! Halako ekitaldietara ez da jende gehiegi etortzen. Beraz, dozena batetik aurrera kopuru polita dela uste dugu».

Garapena ulertzea
Ziklo honek aparteko garrantzia du argazkilaritzak urte hauetan guztietan izan duen bilakaera eta garapena ulertzeko. «Gaur egun, kamera digitalarekin dena egina dagoela uste du jendeak. Tamalez, ez daki zein den historia, ezta hasierako argazkilariek zer-nolako aurrerapausoak eman zituzten ere. Teknologikoki izan duen garapena itzela izan da, baina baita ikuspegiari dagokionez ere. Azken finean, bilakaera hori guztia oso baliagarria izan da gaur egun argazki digitalak ateratzen dituenarentzat».

Argazkigintza ikasi ez dutenek, oro har, horren berririk ez du izaten. Orduan, historia hasieratik gainbegiratzea guztiz interegarria dela iruditzen zaio museoko arduradunari, eta zinema ziklo hau horretara dator. Izan ere, «margolariek jakin badakite artista batek edo besteak zer egin zuen eta nola egin zuen, baina argazkigintzan askotan ahaztu egiten da nondik datorren».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide