«Zarauztarrok astero 4.430 kilometro egin behar izaten ditugu joan etorrian gure senide eta lagunak bisitatu ahal izateko. Eta kopuru hori edozein momentutan aldatu daiteke, lekualdaketak medio». Gastuei erreparatuz ere, «karga ekonomiko ikaragarria» da. «Soilik kartzelara iristeko behar den gasolina, peajeak edo garraiobidea kontuan hartuz, zarauztarrok astean 1.000 euro inguruko gastua egin behar izaten dugu; bataz beste bakoitzak 200 euroko gastua. Zenbateko hau astero-astero batzen joan behar dela kontuan hartuta, urte guztiko gastuen kalkulua ikaragarria da; Zarautzen familia bakoitzeko 10.600 euro, hain zuzen. Hori sarri jasaezina bihurtzen da familia askorentzat». Zarauzko Egin Dezagun Bidea ekimenak sakabanaketaren errealitatea datutan eman du. «Helburua sakabanaketaren errealitatea eta sakabanaketarekin berarekin amaitzeko beharra azaleratzea da», adierazi dute.
Haien esanetan, sakabanaketa politikoa «ez da legezkoa». «Legearen arabera, preso bakoitzak eskubidea du bere herritik hurbilen dagoen kartzelan betetzeko ezarritako zigorra». Horrez gain, sakabanaketak «presoa bera deuseztatzea» du helburu: « Finean, bakartzea eta espetxe urruntzea giza borondatearen eta identitate politikoaren suntsipena lortzeko abiatutako programa baten gauzatze kontzientea da».
Bestalde, sakanaketak «arriskuaz» ohartarazi dute: «Kartzeletara iristeko astero egin behar izaten ditugun kilometro kopuru hori guztia egiteak arriskua dakar. Bidaia hauek egiteko autoak erabiltzen ditugu, furgonetak, trenak, hegazkinak».
Horregatik, ekimeneko kideek «sakabanaketa amaitzeko premia berehalakoa» dela diote. Hori dela eta, «sakabanaketari amaiera emango dion bidea elkarrekin egitera» animatu dituzte herritarrak: «Bide honetan, herritar guztiak gonbidatzen ditugu ostiralero 19:45ean udaletxe plazan egiten den elkarretaratzean parte hartzera. Ziur gaude guztion artean lortuko dugula».