Muu! herri ekimena sinadurak biltzen hasi da asteburuan Zestoan. Zezenketen aurkako taldeak 200 sinadura inguru bildu ditu zestoarren artean, herrigunean jarritako hainbat postutan.
«Jendeak abenduan aurkeztu genuen dekalogoari atxikimendua ematea da sinadura bilketaren helburua, eta, bide batez, indar pixka bat erakutsi nahi dugu, kontuan hartzeko adina sinadura bilduz», adierazi dute zezenketen kontrakoek.
Ostiralean hasi ziren sinadurak biltzen herrian. Ostiraletik igandera bitartean herriko hainbat txokotan jendearen atxikimendua lortzeko mahaiak jarri zituzten. «200 inguru bildu ditugu, eta orain gure ingurukoen artean biltzen hasiko gara», diote Muu! herri ekimenekoek. Asteburuan lortutako emaitza «positiboa» dela esan dute, baina gehiago zabaltzeko asmoa dute.
Zestoako auzoetara ere zabalduko dute sinadura biltzeko ekimena. «Herri ekimenaren baitan dabiltzan auzotarrak bilduko dituzte sinadurak auzoetan. Bakoitza bere auzoan sinadura bilketa antolatzeaz arduratuko da», azaldu dute.