Aiako Udalak Altxerri kobazuloko margoen erreplika egiteko asmoa du

Ane Olaizola 2012ko urtarrilaren 25a

Altxerri Gipuzkoan aurkitu zuten lehenengo kobazuloa izan zen. 1962an aurkitu zituzten bertako margolanak eta grabatuak, duela 50 urte, eta 2008. urtean Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Mundu Ondareko Batzordeak Gizateriaren Ondare izendatu zuen koba. Bertako artea kontutan hartuta, Gipuzkoako kobarik garrantzitsuenetakoa dela irizten diote adituek, Ekaingo haitzuloekin batera. Hala ere, kobazulo «ezezaguna» da Aian dagoena, besteak beste, herritarrentzat itxita dagoelako. Altxerriko ondarea aintzat hartuta, Aiako Udalak koben erreplika egiteko asmoa du orain, eta proiektua zehaztu gabe baldin badago ere, dagoeneko hori gauzatzeko lanean ari da, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera. Altxerri Ubegun eremuan dago, baina haitzuloaren erreplika Aiako hirigunetik gertu egiteko asmoa dute. Udalak lehenengo aurreproiektua egin du dagoeneko, eta bertako aurreikuspenen arabera, hilerriko eremuan egingo dute azpiegitura. Kanpoko egitura nolakoa izango den ere erabaki dute, eta Igor Iturain Aiako alkateak jakinarazi duenez, eraikinak 200 metro koadro izango ditu. «Ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izan dezan nahi dugu», dio alkateak. Horregatik, erreplika lurrean sartuko luketela aurreratu du Iturainek. Eremu horretan dagoen malda bat aprobetxatuko lukete horretarako, eta kanpoaldetik sarrerako atea soilik ikusiko litzateke. Modu horretara, lurrean egindako hiru leihotxoetatik sartuko litzeteke argia. Forma emateko urtea Aurtengo urtea proiektua lantzeko hartuko dutela adierazi du Aiako alkateak. Horretarako, Gipuzkoakoako Foru Aldundiarekin «ahozko hitzarmen» bat ere egin dutela esan du Iturainek. Aldundiak oniritzia eman dio aurreproiektuari, baina oraindik eraikinaren barruko diseinua, funtzionamendua, edota gastuak zehaztea falta da, eta hori guztia urtean zehar egingo dute. Hala, hurrengo urtean esleipenekin hasiko lirateke, eta aurreikuspenen arabera, 2013. edo 2014. urterako proiektua amaituta egoera espero du Iturainek. Momentuz, Aiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia ari dira proiektua gauzatzen, baina Iturainek «hirugarren hanka» baten beharra nabarmendu du; Eusko Jaurlaritzarena. Proiektua zehaztu gabe egonik, aurrekontu orokorra ere ez dute finkatu. Oraintsu onartu dituzten 2012ko udal aurrekontuetan 15.000 euroko partida bideratu dute proiektu honetarako, baina alkateak argitu duenez, diru hori egitasmoaren nondik norakoak zehazteko izango da. Herriko balio bat gehiago Kobetako pinturen eta grabatuen erreplikak «helburu pedadogikoa» izango duela adierazi du Iturainek, «Altxerriren balioa gizarteratzeko aukera ona izango litzakeelako». Bestetik, Pagoetako Natur Parkearekin batera, «erreplika herriko gune erakargarrietako bat» izatea espero dute; eta horrek, bide batez, Aian turismoa sustatzea. «Herriko balio bat gehiago izango litzateke». Horregatik pentsatu dute eraikina hirigunetik gertu jartzea. «Batetik, Altxerri koba Aiakoa dela nabarmendu nahi dugu, eta, bestetik, ingurunea ere kontuan izan dugu. Izan ere, hilerriko eremuan kokatzen badugu, aurrez aurre Orioko eta Altxerriko eremua ikusiko litzateke». Gainera, Aiako Udalak hilerri inguruan pasealeku bat egiteko proiektua ere badu eskuartean. «Beraz, ibilbidea ere aprobetxatuko genuke errepliken egitasmorako». Xumea, baina ikusgarria Proiektua jaioberria baldin bada ere, erreplika «xumea» izango dela nabarmedu du udalak. Jakitun da kilometro gutxira, Zestoan, Ekaingo kobaren erreplika dagoena. Beraz, eskualdean beste halako azpiegitura handi bat sortzeak «ez du zentzurik», Iturainen ustez, eta ekonomikoki «arduragabekeriatzat» jo du. Beraz, «beste planteamendu bat» izango du Aiako egitasmoak, eta Zestoako Ekainberri eta Aiako Altxerriko erreplikak «elkarren osagarri» izatea nahiko luke udalak. Iturainen ustez, «badaude beste modu batzuk halako margolanak erakusteko». Hala ere, Aiako erreplikak «ikusgarriak» izatea nahi dute. Ondare garrantzitsua Juantxo Agirre Aranzadi elkarteko idazkari orokorraren esanetan, «kobazulo aberatsa da Altxerrikoa». Bertako ondarea «garrantzitsua» dela dio, margolan eta grabatu askoz osatua. Paleolitiko garaiko irudiak daude bertan, duela 12.000 eta 13.000 urtekoak. Gehienak grabatuak dira, eta leizeko irudien artean, bisonteak dira ohikoenak, baina elur oreinak eta oreinak ere ikus daitezke. Kantitatea ez ezik, kalitatea ere aipatzekoa da. Agirreren esanetan, piezak «zehaztasun handia» dute. Madeleine aldia Paleolitikoko azken hotzaldi garaikoa izanik, oro har, orduko animaliak ageri dira kobako hormetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide