Zarauzko Udaleko kultura eta hezkuntza sailek Zinemapean ekimena sortu dute, Argia Emanaldiak eta Filmazpit egitasmoekin elkarlanean. Hala, hamabostean behin, euskarazko dokumentalak eta filmak edota euskarazko azpitituludun lanak eskainiko dituzte, doan. Saioak Sanz Enea kultur etxeko sotoan izango dira, igandetan.
Igande honetan abiatuko dute ekimena. Ildo horretatik, Argiak Dokumentalek utzitako Oroitarria luzemetraia izango da ikusgai, 18:30etik aurrera. Bertan, Ruben Mancilla zuzendariak 1978ko San Fermin jaietan German Rodriguezen heriotza eragin zuten gertakariak ekarriko ditu gogora, eta gertaera horrek egun duen eragina.
Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek adierazi duenez, ekimenaren helburua ez da zinema aretoei «itzala» egitea. «Egun zailtasunak daude euskaraz filmak edota dokumentalak ekoizteko; eskaintza badago, baina urria da. Hori dela eta, bestelako filmak eskaintzen dituzte egungo aretotan». Zinemapeanen, berriz, «euskaratik eta euskaraz» eskainiko dituzte ikus-entzunezkoak. Horrez gain, ahal den neurrian ekoizpeneko protagonistak gonbidatzen saiatuko dira. Martxoaren 11n, esaterako, Sahara maraton luzemetraian parte hartu zuen eskualdeko hainbat lagun izango da Sanz Eneko sotoko aretoan, emanaldia amaitu ostean solasaldi moduko bat egiteko.
Filmazpit eta Argia
Argitalpenak pasa den azaroan abiarazi zuen Argia emanaldiak, «Euskal Herri osoan kalitatezko lanak zabaltzeko eta euskarazko ekimenen inguruko bilguneak bultzatzeko» helburuarekin. Hori horrela, hilero dokumental bat eskaintzen dute euskaraz edo euskarazko azpitituluekin, ikus-entzunezkoa eman nahi duten elkarte, kultur etxe edo bestelako guneentzat, erabat doan. Zarauzko Udalak ere «Argiak botatako amuari» heldu dio, eta hark prestatutako katalogoko film edo dokumental bat eskainiko du hamabostean behin. www.argia.com atarian aurki daiteke egitasmoaren inguruko informazio osatuagoa.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak finantzatutako ekimena da, berriz, Filmazpit, eta Donostiako Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak, Tabakalerak eta Donostia Kulturak kudeatzen dute. Zinema zabaltzea du helburu, eta abenduan abiatu zuten.Ekimen horren baitan, www.filmazpit.eu webguneak «garrantzia» duela jakinarazi du Berasaluzek. «Ekimeneko filmen katalogoa eta doako erabilerarako sortuko diren euskarazko azpidatzi guztiak daude bertan, kultur teknikari, erakunde edo norbanakoei artxiboak deskargatzeko aukera eskainiz, eta horrenbestez, irabazi asmorik gabeko proiekzioak antolatu ahal izateko».
Egutegia
lehen sei hilabeteak
-Urtarrilak 29. Oroitarria. Argia Dokumentalak.
-Otsailak 12. Lucio. Argia Dokumentalak.
-Otsailak 26. Pink Saris. Filmazpit.
-Martxoak 11. Sahara Maraton. Argia Dokumentalak.
-Martxoak 25. My neighbor my killer. Filmazpit.
-Apirilak 15. Haizea eta sustraiak. Argia Dokumentalak.
-Apirilak 29. Paris by night of the living dead. Filmazpit.
-Maiatzak 13. Sagarren denbora. Argia Dokumentalak.
-Maiatzak 27. Armadillo. Filmazpit.
-Ekainak 10. Anuken egia. Argia Dokumentalak.
-Ekainak 17. Stake land. Filmazpit.
