Eskertuz (Imanol Elias Odriozolaren eskutitza)

Urola Kostako Hitza 2012ko urtarrilaren 25a

"Ospitaleko logela isilean jarraitu behar izan nuen aurtengo Azpeitiko helduen danborrada, telebista bidez. Gau zaratatsuan, parte hartu behar nuen bertan, gehiegi merezi gabeko omenaldia eskaintzen zidalako betidanik maite izan dudan herriak. Baina, bakarti nintzen unean, behin eta berriro nire izena entzuten nuenean, masailean sentitzen nituen malkoek egiten zuten amaitu ezinezko bidea. Milaka burutazio kolpeka, bizitzan eginiko bide luzea aztertuz eta inolako merezimendurik aurkitu gabe gelditzeko omenaldiaren oinarririk txikiena ere bilatu ezinik. Egia da saiatu naizela nire herriaren berri zabaltzen bere historia aztertuz. Egia baita kultura alderdian ere zerbait egitean ahalegindu naizela, eta behar izan den urte gogorretan euskal antzerkia bultzatzeko borroka egin dudala. Ez dut, ordea, sekula pentsatu herritarren aldetik honelako esker ona jasoko nuenik, inoiz horrelako ametsik izan ez dudalako. Egin nezakeena egiten saiatu naiz nire jakituria kaskarrean, garaiko giroak eskatzen zuenari erantzun nahirik, eta egin dudana herritarren aldetik eskertzeak, logela isilean itzulitako malkoak zorion izarrak bihurtu dizkit. Eskerrak emateko unea da, eta bihotza zabalik egiten dut, lehenik nire herriko agintariak gogoratuz Eneko Etxeberria alkatearekin batera, eta bide batez gau zaratatsu horretan herrira hurbildu eta omenaldian parte hartu zuen Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere eskertuz. Eta nola ez… Nire herritarrak! Gogoan izango ditudan lagun bihotzeko azpeitiarrak! Urteetan zehar nire langintzan laguntzaile apartekoa izan dudan emaztea ere gogoan izan duzue, eta mila esker".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide