Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euro mailegatuko dizkio Corrugados Azpeitiari

Nerea Uranga 2012ko urtarrilaren 25a

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Gallardo Taldearekin hala adostuta, bost milioi euro emango dizkio Corrugados Azpeitiari mailegutzan, ekoizte erritmoa berreskuratzeko eta bideragarritasun plana gauzatzeko. Hala jakinarazi zuen atzo goizean Idoia Mendiak, Jaurlaritzaren bozeramaileak: «Elkarlan eredugarriaren emaitza da neurria. Maileguak enpresa ixtea galaraziko du, eta 300 lanpostutik gora salbatu». 2016 urterako Azpeitiko lantegiak ekoizten duen tona kopurua bikoiztea aurreikusi dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Gallardo Taldeak jarraipen batzordea osatu dute, bideragarritasun plana aztertzeko eta 2016ra bitartean, enpresan jarraituko duten 305 langileei Lana Erregulatzeko Espedienterik ez aplikatzeko zein horiek ez kaleratzeko. Joan den urtarrilaren 11n Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak Azpeitiko Corrugados enpresak aurkeztutako Lana Erregulatzeko Espedientea onartu zuen, nahiz eta enpresaren eskaera ez zuen oso-osorik onartu. Hori dela eta, Lan Delegaritzak 100 langile kaleratzeko baimena eman zion enpresari, eta gainontzeko beharginak (305) 2016ra arte mantentzera behartu ditu. Baina horiei ekaina bitartean gehienez 60 eguneko suspentsioa ezarriko diete. Gallardo Taldeak eta erakundeek lortutako akordioaren harira osatu dute jarraipen batzordea. Hori dela eta, Gallardo Taldeak Azpeitiko lantokiak martxan jarraitzea bermatu, eta ekoizpena ere handitu egingo duela jakinarazi du. Azpeitiko lantokiak martxan jarrai dezan, Eusko Jaurlaritzak parte-hartze kredituetan bost milioi euro emango dizkio Gallardo Taldeari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide