Bi hilean behin 300 euro zozkatuko dituzte pintxo poteoko parte-hartzaileen artean

Urola Kostako Hitza 2012ko urtarrilaren 25a

Hainbat hilabetez etenda egon ostean, berriro ekingo diote pintxo poteoari Zumaian. Herriko merkataritza eta ostalaritza elkarteak atzo aurkeztu zuen pintxo poteoaren denboraldi berria, eta ostegunean izango da urteko lehenengo saioa, 18:00etatik aurrera. Aurten berrikuntza batzuk izango ditu pintxo poteoak. Izan ere, aurrerantzean hiru denboralditan banatuko dute egitasmoa. Orain arte bi denboralditan egiten zuten pintxo poteoa, eta urtean behin sari bat banatzen zuten. Baina ostalariek pintxo poteoa indartu nahi dute, eta, horregatik, aurrerantzean denboraldi bakoitzean banatuko dituzte sariak, ekimenean parte hartzen dutenen artean. Aurtengo berrikuntzak Denboraldi bakoitzak bi hilabete inguru iraungo du, eta denboraldi batetik bestera etendura motz bat egingo dute. Hala, bihar hasiko da lehenengo denboraldia, eta martxoaren 29ra bitartean iraungo du. Bigarren denboraldia, berriz, maiatzaren 3tik uztailaren 19ra bitartekoa izango da, eta azkena irailaren 20an hasiko da, eta azaroaren 29an izango da urteko azken pintxo poteoa. Zumaiako merkataritza eta ostalaritza elkarteak antolatutako ekimenean parte hartzean, txartelak banatuko dizkiete herritarrei, eta pintxoak eta poteak hartzean zigilua jarriko diete. Zigulua jasotako guztien artean banatuko dituzte bi hilean behin 300 euroko sariak. Aurten, hamalau taberna Tabernariek ohiko prezioari eutsiko diote, eta bezeroek ostegunetan edaria eta pintxoa euro eta erdiren truke eskuratuko dute. Iazko hamahiru tabernek hartuko dute parte ekimenean; Ganbara, Gure Txokoa, Itxaso, Itzurun, Kalari, Kantauri, Kresala, Marina Berri, Metro, Trapaia, Tximista, Zumaia Hotela eta Zallak, hain zuzen. Eta aurten Trapaia batuko da ekimenera. Iazko maiatzean hasi ziren pintxo poteoa egiten, eta antolatzaileek adierazi dutenez, aurreko urteko «esperimentua» ongi joan zaie tabernariei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide