Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urola Kostako Udal Elkarteak lana bilatzen laguntzeko ikastaroak jarriko ditu martxan datozen hilabetetan. Guztira lau ikastaro izango dira Urola Kostako Udal Elkarteak Zarautzen duen enplegu zentroan, guztiak ere lana lortzeko eta lanari eusteko gaitasunak hobetzeko helburuarekin.
Horietako tailer batetan lana bilatzeko teknikak jorratuko dituzte, teknologia berriak erabiliz; egitasmoaren bidez, herritarrak lana bilatzerakoan autonomoak izatea nahi dute antolatzaileek. Bertan, curriculuma eta aurkezpen gutunak sortzeko ereduak eta argibideak landuko dituzte; horrez gain, posta kontua sortuko dute, eta lanaren inguruko webguneak ere izango dituzte ikasgai; horren bidez, lan eskaintzak sarean aurkitzen ikasiko dute.
Beste ikastaroa Enplegua 2.0 da; lanpostua bilatzeko «bide berriak» ezagutuko dituzte bertan; hala nola, web 2.0 tresnak, sare sozialak eta blogak erabiliko dituzte.
Sareko tresna berriak
Hirugarren ikastaroan, berriz, lan elkarrizketak egiten ikasiko dute; horretarako, elkarrizketetan modaltzeko gakoak jorratuko dituzte; hau da, zer egin, zer esan edo ez esan ikasiko dute. Horrez gain, ohiko galderak eta erantzunak landuko dituzte, eta elkarrizketetan erabiltzen dituzten froga psikoteknikoak eta talde dinamikak ere landuko dituzte. Azken tailerrean, berriz, lanik gabe egoteak sortzen dituen «ezintasunei eta egoera pertsonalei» aurre egiteeko edukiak barneratuko dituzte; horretarako, norberaren burua ezagutzen, motibatzen edota taldean jokaera egokiak izaten ikasiko dute, besteak beste.
Doako ikastaroak
Ikastaro bakoitza bi egunetan banatuko dute; goizez izango dira saioak, eta lau eta sei ordu iraungo dituzte. Ikastaroak doakoak dira, eta dagoeneko eman daiteke izena; horretarako, Udal Elkartearen egoitzara (Urdaneta bidea, 6) joan, 943-89 08 08 telefonora deitu edo orientazioa@urolakosta.org helbidera idatz daiteke.