Lehiaren beste aurpegia

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko urtarrilaren 24a

Amaitu dute ‘San Miguel Cracks del Surf’ telebista saioaren grabazioa. Hiru astez elkarrekin bizi izan dira hamar surflari, euren ametsa betetzeko lehian. Norgehiagoka baino, «berebiziko esperientzia» izan dela diote ‘reality show’-eko partaide Mario Azurza zarauztarrak eta herrian bizi den Gabriel Nemes brasildarrak. Gabriel Nemes, Cracks del Surf-eko lehiakidea: «Programan parte hartu ahal izateagatik irabazle sentitzen naiz» Nola bizi izan dituzu azken hiru asteok? Oso gustura egon naiz lehiakide guztiekin, oso ongi konpondu naiz guztiekin. Oso giro polita sortu da denon artean, eta oso pozik nago alde horretatik. Aritz Aranburuk eta Ibon Amatriainek ere asko lagundu digute; asko hobetu dugu haiei esker, entrenamenduetan eta norberaren akatsak zein diren esanez. Gainera, aukera asko izan dugu surfeatzeko. Itsasoaren egoera oso ona izan da hiru asteotan; olatu onak altxatu dira. Egia esan, hemen nagoenetik—sei bat urte— egin duen negu onena tokatu zait, egunero izan baitut surfeatzeko aukera. Azken egunetan, gainera, itsasaldi gogorra izan da, eta eguraldi ona egin du. Baldintza paregabeak izan ditugu surfaz gozatu ahal izateko. Hiru aste horietan surf egiteko moduan asko hobetu duzula uste al duzu? Bai. Askotan norbait atzean izatea beharrezkoa izaten da; zure akatsak zeintzuk diren esango dizun norbait ondoan izatea mesedegarria izan ohi da. Izan ere, asko daukagu [...]

Amaitu dute ‘San Miguel Cracks del Surf’ telebista saioaren grabazioa. Hiru astez elkarrekin bizi izan dira hamar surflari, euren ametsa betetzeko lehian. Norgehiagoka baino, «berebiziko esperientzia» izan dela diote ‘reality show’-eko partaide Mario Azurza zarauztarrak eta herrian bizi den Gabriel Nemes brasildarrak.

Gabriel Nemes, Cracks del Surf-eko lehiakidea: «Programan parte hartu ahal izateagatik irabazle sentitzen naiz»

Nola bizi izan dituzu azken hiru asteok?
Oso gustura egon naiz lehiakide guztiekin, oso ongi konpondu naiz guztiekin. Oso giro polita sortu da denon artean, eta oso pozik nago alde horretatik. Aritz Aranburuk eta Ibon Amatriainek ere asko lagundu digute; asko hobetu dugu haiei esker, entrenamenduetan eta norberaren akatsak zein diren esanez.

Gainera, aukera asko izan dugu surfeatzeko. Itsasoaren egoera oso ona izan da hiru asteotan; olatu onak altxatu dira. Egia esan, hemen nagoenetik—sei bat urte— egin duen negu onena tokatu zait, egunero izan baitut surfeatzeko aukera. Azken egunetan, gainera, itsasaldi gogorra izan da, eta eguraldi ona egin du. Baldintza paregabeak izan ditugu surfaz gozatu ahal izateko.

Hiru aste horietan surf egiteko moduan asko hobetu duzula uste al duzu?
Bai. Askotan norbait atzean izatea beharrezkoa izaten da; zure akatsak zeintzuk diren esango dizun norbait ondoan izatea mesedegarria izan ohi da. Izan ere, asko daukagu hobetzeko. Alde horretatik, surfean nola moldatzen zaren bideoan ikusteak ere asko laguntzen du, beste modu batera ikus ezin dezakezunaz ohartzen baitzara. Ibon Amatrianek eta Aritz Aranburuk, gainera, ongi eta gaizki egiten duguna esan digute, eta nola hobetu irakatsi.

Zer moduz moldatu zara Aritz Aranburuk eta Ibon Amatriainek prestatutako probetan? Zailtasunik izan al duzu?
Ez, ez dut arazorik izan probetan. Entrenamenduak, orokorrean, nahiko gogorrak izan dira. Ibon Amatrianek goizean goiz esnatzen gintuen, eta segituan jartzen ginen martxan. Pasa den igandean, esaterako, Zarautz-Getaria itsas zeharkaldia egin genuen, Jaime Caballero igerilariarekin. Lasterketa moduko bat egin genuen, ea nor iritsi lehenago Malkorbe hondartzara. Jaimek igerian egin zuen ibilbidea; guk taula gainean, arraunean. Igerilaria gailendu zen, azkenean.
Eta horrela igaro ditugu azken asteak: goizean goiz lanean hasi, eta gauean berandu amaitu. Egunak ez zuen amaierarik; oso nekatuta bukatzen genuen. Hala ere, lotara joan aurretik bi ordu ateratzen genituen elkarrekin ongi pasatzeko. Nekagarria izan den arren, asko gozatu dut esperientziarekin, dudarik gabe.

Nolakoa izan da elkarbizitza gainontzeko bederatzi lehiakideekin?

Grabatzen hasi aurretik, ez nuen espero hain ongi moldatuko nintzenik partaide guztiekin. Ez dugu gure artean lehiatu beharrik izan, ez diogu elkarri puntu negatiborik eman behar izan. Horrek askoz errazagoa egin du elkarbizitza; izan ere, ez ginen bata bestearen aurkari sentitzen. Lagun onak egin ditut programan. Finean, familia handi bateko kide sentitu naiz.

Zer moduz ikusi duzu zeure burua grabazioan zehar? Irabazteko aukerarik ba al duzu?
Ez, egia esan. Puntuazioari dagokionez nahiko atzean nabil. Hala ere, Ericeirara (Portugal) bidaiatzeko aukera izan nuen, proba batean egindakoagatik boto gehienak nik jaso nituelako. Bi gau pasatu nituen bertan, eta oso esperientzia polita izan zen; gainera, portugaldarrez hitz egiteko aukera izan nuen. Horrekin konformatzen naiz, nire kideen bozkengatik lortu bainuen Portugalera bidaiatzea. Programan parte hartu ahal izateagatik ere dagoeneko irabazle sentitzen naiz. Ibon Amatrianen eta Aritz Aranbururen gisako profesionalekin elkarlanean jardun izana oparia da niretzat.

Aurkezpen bideoan, programa irabaziz gero, lehiatzen jarraitu ahal izateko babesle bat izatea gustatuko litzaizukela adierazi zenuen. Zu Brasilen txapelketaz txapelketa aritzen zinen, ezta? Lehengora itzultzea da, beraz, zure ametsa?
Bai, zortzi urtetatik hamasei urtera bitartean jardun nuen txapelketaz txapelketa. Utzi egin behar izan nuen, ordea, ez bainuen gastu guztiak ordainduko zizkidan babeslerik. Hori dela eta, lehengora itzultzea gustatuko litzaidake, txapelketetan parte hartzera.

Azken denboraldian asko pentsatu izan dut horretan. Faltan amaten dut txapelketetan lehiatzea. Horretarako, marka garrantzitsu baten babesa beharrezkoa da, eta hori da lortu nahi dudana.

Mario Azurza, Cracks del Surf-eko lehiakidea: «Aritz Aranburu eredu hartuta, surfaren mundua islatu nahi dut, barrutik»

Zer moduz joan da San Miguel Cracks del Surf programaren grabazioa?
Oso ondo, egia esan. Izugarrizko esperientzia izan da. Partaide guztion artean oso giro ona sortu da, eta pena handia eman dit grabazioa amaitu izanak. Izan ere, oso lagun onak egin ditut.

Hiru aste motz geratu zaizkizu, orduan.
Bai, hala da. Motz eta luze, aldi berean. Motz oso gustura egon garelako, eta luze, ordu asko igaro ditugulako grabatzen. Egunak oso luze egin zaizkigu, nekagarriak. Hala ere, oso gustura nago.

Elkarbizitzan ez duzu arazorik izan?
Ez. Ez dugu inongo arazorik izan; ez haserrerik, ezta giro txarrik ere partaideon artean.Are gehiago, uneoro parrez aritu gara. Hamar lehiakideok oso antzekoak gara, eta halako kasuetan erraza izaten da elkarbizitza. Oso polita izan da hiru astez elkarrekin bizitzea.

Probei dagokionez, zer moduz moldatu zara? Gogorrak izan al dira?
Gogor samarrak izan dira. Batez ere, Ibon Amatriainek prestatutako entrenamenduak. Hala ere, oso dinamikoak izan dira eta ongi pasatu dugu entrenatzerakoan.

Zein izan da gehien gustatu zaizun proba?

Lehenengo eguneko proba dut gogoan. Guztia berria zen guretzat, eta arraroa, aldi berean. Mundakara joan ginen, eta hiru metro inguruko olatuak zeuden. Batzuk beldurtuta zeuden, besteok horiek animatzen jardun gennuen. Gainera, ez zebilen inor uretan. Hori ez da oso ohikoa; beti egon ohi da Mundaka jendez lepo. Oso une polita izan zen.

Asko ikasi al duzu?

Bai. Azken finean, egunero-egunero entrenatu gara eta surfeatu dugu, eta horrez gain, bideoetan ikusi dugu gure jarduna. Horrek asko laguntzen du, kanpotik ikusten baituzu zure surf egiteko modua, zeintzuk diren egiten dituzun akatsak eta zer hobetu beharko zenukeen. Ibon Amatrianek eta Aritz Aranburuk, gainera, gure joera txarrak zeintzuk diren identifikatzen lagundu digute eta horiek nola ekidin aholkatu, eta horrek hobetzeko aukera ematen dizu. Egun oso gustura surfeatzen dut, eta hein batean, horregatik da.

Eta San Miguel Cracks del Surf programa irabazteko aukerarik ikusten al duzu?
Bakoitzak bere maila du. Batzuk hobeak dira, besteak ez dira hain onak. Baina programa ez du irabaziko surflari onenak. Hainbat ezaugarri hartuko dituzte kontuan Adur Letamendiak, Ibon Amatrianek eta Aritz Aranburuk irabazlea nor den erabakitzerakoan. Egindako esfortzua, zein mailatan hobetu dugun, motibazioa, eta beste zenbait aspektu izango dute kontuan irabazlea aukeratzerakoan. Ildo horretatik, nik beste bederatzi lehiakideen aukera berak ditut irabazteko. Guztiok irabaz dezakegu alde horretatik. Nire esku dagoen guztia egin dut saria irabazteko.

Programa irabazten baduzu, zein izango da zure saria?
Nik blog bat (elciruelosblog.com) daukat, eta iaz hainbat bideo
egin nituen, erreportaje moduan, beti ere surfaren inguruan. Eta bide horretan jarraitu nahiko nuke. Finean, blog bat egin nahi dut, Aritz Aranburuk munduan zehar egindako bidaiak eta txapelketak eredutzat hartuta.

Surfaren mundua erakustea dut helburu, barrutik. Hala, Aritz Aranbururekin txapelketetara joatea gustatuko litzaidake,
eta jendeari erakutsi bideo barregarri batzuen bitartez, zer nolakoa den surflari baten bizitza. Surf mundua nolakoa den nahi islatu dut, hain zuzen, eta lehenengo pertsonan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide