Gustura geratu dira antolatzaileak sansebastianekin, eta herritarren parte hartzea nabarmendu dute. «Ondo joan dira festak, eta oso gustura gaude. Aurretik danborradako ordezkariekin egindako bilerek emaitzak eman zituzten, eta danborradak ere ongi atera dira», dio Mikel Ibarzabalek, festa zinegotziak. Bezperako danborradan ez zen arazorik izan, eta ezta San Sebastian egunekoak ere. «Goizean euria ari zuenez, haurren danborradaren ibilbidea moztea erabaki genuen aurrena, baina gero, abiatzeko unean ateri zegoenez, ohiko ibilbidea egitea erabaki zuten. Umeen saioaren bukaeran egin zuen euri gehien». Karroza ere jendeak gustukoa izan du.
Bandera jaisteko danborrada aurten Sanjuandegitik atera da, eta sei taldek hartu dute parte. «Herritar ugarik eskerrak eman dizkit, danborrada Sanjuandegitik abiatu delako», kontatu du zinegotziak. Bide beretik, helduen eta haurren danborradak eta karroza antolatzen jardun eta haietan parte hartu dutenei eskerrak eman dizkie Ibarzabalek.
Txirrindulariak laguntzeko
Larunbatean haur parkea antolatu zuen udalak, baina herriko plazan jarri beharrean Betharrametan egon zen, euriagatik. Sanz enpresaren haur parkea ekarri dute aurreneko aldiz. Enpresa horrek, Azpeitiko Lagun Onak Txirrindulari Elkartea lagunduko du Azpeitiko Udalari kobratutako diruarekin. «Guk beste enpresa bati bezalaxe ordainduko diogu Sanzi, eta honek herriko txirrindulari taldea lagunduko du, ez baitu babeslerik», dio Ibarzabalek.
Zezenaren orduan, euria
San Sebastian egunean eta igandean jende askok hartu du parte zezenaren saioan. «Euriagatik irristakorra zegoen kalea, baina jende asko ibili da. Batik bat igandean ibili da jendea», dio Mikel Odriozola sokamutilak.
[caption id="attachment_42170" align="alignright" width="300" caption="Haurren danborradako irudi bat"]
