Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Udalak erregistroak euskaraz egiteko zerbitzua jarri du martxan bake epaitegian. Hala, herritarrek aurrerantzean jaiotzen, ezkontzen eta heriotzen berri euskaraz eman ahal izango dute erregistroan.
Udalak gogoratu du orain arte erregistro horiek soilik paperean egiten zirela; hau da, liburu batzuetan artxibatzen zituzten izenak, eta liburuok gaztelania hutsean zeuden. Baina orain modu digitalean erregistratzen dituzte datuak, eta horrek erregistroak euskaraz egitea ahalbidetzen du. Udala jakinarazi duenez, orain arteko aukera bakarrak «protesta ugari» sortu ditu Euskal Herrian. Horren aurrean, Justizia Ministerioak Inforeg izeneko aplikazioa sortu du. «Bake epaitegietan ari dira, pixkanaka, Inforeg aplikazioa instalatzen, eta jendea trebatzen ari da tresna erabiltzeko», esan du Jabier Zabaletak, Orioko Udaleko euskara teknikariak.
Pasa den hilabetetik dago bake epaitegian zerbitzua martxan. Hala ere, Orio ez da datuok euskaraz erregistra daitezkeen herri bakarra. Eskualdean, Zarautzen eta Zumaian badute horretarako aukera herritarrek.