Aurrekontuak herritarrekin adostuko dituela dio Zumaiako Udal Gobernuak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko urtarrilaren 24a

«Guk herriarentzat eta herritarrentzat garrantzitsuak diren gaiak haiekin adostu nahi ditugu. Azken urteotan horrela egin da, eta bide horretan jarraitu nahi dugu», dio Maitane Agirrek, parte hartze zinegotziak. Pasa den ostegunean egin zuten Herri aurrekontuak 2012 prozesuko azken bilkura, eta udalak herritarrek bileretan egindako proposamenei erantzun die. Prozesua amaitu bada ere, bestelako iradokizunak egin nahi dituenak izango dute horretarako aukera. Hala, kexak-iradokizunak@zumaiakoudala.com helbidera bidali dezake kexa edota proposamena. Jakinarazi dutenez, udal arduradunek zuzenean erantzungo diete eskakizunei.   Proposamenak eta erantzunak Mugi zerbitzua. - Herritarren proposamena: Zerbitzua berraztertu beharko litzateke. - Udalaren erabakia: Kontratua uztailean maitzen denez, neurri berriekin jarraituko dute momentuz. Gerora ikusi beharko da zer egin. Berdintasun Saila. - Herritarren proposamena: Aurrekontu txikia eta desproportzionatua du. Emakumearen alorra lantzeko aurrekontu duina eskatu dute. - Udalaren erabakia: Helburua sailaren baitan berdintasun foroa indartzea da, eta beharren arabera, 2013ko aurrekontua handitzea. Udalaren zorpetze aukera. - Herritarren proposamena: Udalaren zorpetze politika aztertzea, zorpetze mailak gora egingo duen jakiteko. - Udalaren erabakia: Plan ekonomiko finantzieroa egin dute. Turismoa. - Herritarren proposamena: Turismo politika zehaztu beharko litzateke. - Udalaren erabakia: Plan estrategikoa egiteko asmoa dute. Zaborraren tasa. - Herritarren proposamena: Bosgarren edukiontzia erabiltzen dutenentzat hobariak eskatu dituzte. - Udalaren erabakia: Konpost komunitarioa aztertzeko asmoa dute. Oikia. - Herritarren proposamenak: Autobus geltokiko txabola txukuntzea, herri bideak berritzea eta frontoia alboetatik babestea. - Udalaren erabakia: Txabolari dagokionez, zerbitzuei berri emango diete. Herri bideak brigadak urtean bi aldiz garbitzen dituela diote. Merkataritza. - Zumaiako Merkatari Elkartearen proposamenak: Kalean jarduerak egiteko toki itxi bat, Torreberri eta Frontoia estaltzea hainbat ekitalditarako, eta Amaia eta Kantauri plazetako arkitektura berraztertzea; apaingarriak enbarazu egiten dute ekitaldiak antolatzeko. - Udalaren erabakia: Karpa bat erostea eta Torreberri eta Frontoia estaltzea ezinezkoa da oraingoz. Amaia eta Kantauri plazen alternatiba Beheko plaza izan daiteke. Ibaia. - Herritarren proposamena: Oso zikina dagoenez, presazko esku hartzea eskatu dute. - Udalaren erantzuna: Isurketak izanez gero, Udaltzaingoak Jaurlaritzari jakinarazten dio. Bestelako garbiketak ez daude udalaren esku. Aurtengo aurrekontuetan Urola itsasadarreko plan estrategikoa gehitu dute. Euskara. - Herritarren proposamena: Egungo ikasketa aukera aztertzea proposatu dute, ez baita bideragarria guztientzat. - Udalaren erantzuna: Herritarrek arazoak badituzte ordaintzeko, gizarte zerbitzuetako agiria erakutsi behar dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide