Mugabeclown taldeak clown tailerra eskainiko du Getarian, eta egitasmoari sarrera emateko solasaldia egingo dute bihar, 19:30ean, Alondigan.
Ikastaroa, berriz, larunbatean hasiko da, eta parte-hartzaileek «barruko clowna» aurkituko dute, antolatzaileek esan dutenez. Hilak 28tik ekainera bitartean sei saio egingo dituzte, Ramon Albistur taldeko kidearen gidaritzapean. Larunbatetan izango dira saio guztiak, Gure Txerun, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Izena emateko 948-63 11 62 telefonora deitu edo mugabeclown@uhartean.com helbidera idatz daiteke.
Ikastaroan parte hartzeko adin nagusikoa izan behar da, eta hasiberriek nahiz esperientziadunek eman dezakete izena. Hileko kuota, berriz, 20 eurokoa da.
Clown saioetan, adierazpen dramatikoak jorratuko dituzte, eta lehen urratsetatik abiatuta, bat-bateko jardunean oinarritutako teknika propioak ere landuko dituzte, besteak beste.