Aurtengo Gabonetan herria era jasangarrian apaintzen aritu dira Zarauzko ikastetxe guztietako ikasleak. Birziklatutako edo berrerabilitako materialekin lortu dute energia-kontsumoa gutxitzea eta baliabideak ardurarekin erabiltzea. Partaidetza aktiboarekin, elkarlanean eta arazoei irtenbideak proposatzen, gaur egun hondakinekin eta energiarekin dugun arazoa hobeto ulertzeaz gain, sormen lanean aritu dira.
Agenda 21 ekimenaren baitan sortutako jarduera da Gabonetan birziklatutako materialekin egindako apaingarriak erabiltzea. Horren bitartez, kontzientziazio bikoitza lortzen dute ikastetxeetan artisau lanetan aritzen direnek: batetik, herritarrei gogorarazten diete egungo energia-iturriak mugatuak direla, eta bestetik, ikasleek beraiek jabetzen dira arazoaren larritasunaz. Beraz, apaingarriak egiteko materialei hainbat ezaugarri bete behar dituzte: urtetik urtera erabilgarriak izatea, jasangarritasuna sustatzea (berriz erabiltzeko produktuak erabiltzen edo eguzki energiarekin elikatzen diren bonbilak erabilita) eta erabiltzeko errazak izatea. Eredu horri jarraituta, plastikozko botilak, CDak eta halakoak izan dira erabili dituzten materialetako batzuk.
Proiektuaren garapena ikasturtearekin batera hasi zen eta prozesu oso baten ondorioa da. Lehenik eta behin, udal ordezkariekin elkartu ziren ikastetxeetako ordezkariak, eman beharreko pausuak zehazteko. Apaingarriak jartzeko tokiak aukeratzea izan zen hurrena, puntu bakoitzarentzako diseinu egokiena atontzeko. Klasean egindako diseinu-lanak izan ziren ondorengoak, jarraian materiala bildu eta apaingarriak berak egiteko.
Lan guztiaren emaitza bistan egon da hilabete inguruan. Diseinu berritzailearekin egindako kolore biziko loreak edo girlandak nonahi ikusi ditugu, planetaren biziraupena bermatzeko geure hainbat ohitura aldatu behar ditugula gogoratzeko.
Zarauzko ikastetxe guztietako ikasleek parte hartzeko aukera izan dute proiektuan eta 10 puntutik 8,3ko balorazioa eman diote egitasmoari. Zarauzko Udalak eskerrak eman nahi dizkie guztiei eta bakoitzari, egindako lan guztiarengatik.
Hemen duzue parte hartu duten ikastetxeen eta ikasketa-mailen zerrenda:
• Salbatore Mitxelena Ikastola: Lehen Hezkuntza zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
• La Salle Ikastetxea: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
• Antoniano Institutua: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
• Orokieta Herri Eskola: Lehen Hezkuntza.
• Lizardi Institutua: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
• Oteitza Lizeoa: Batxilergoa eta Lanbide Heziketa.