ELA sindikatuak deituta, dozenaka lagun bildu ziren atzo eguerdian Zarauzko udaletxe aurrean, murrizketa publikoak salatzeko. Zarauzko Udaleko langileek ere egin zuten bat protestarekin. Izan ere, Unai Egaña udaleko langileen ordezkariak azaldu duenez, iaztik hitzarmenik gabe daude langileak. Hitzarmena sinatzeko Zarauzko Udalarekin bilerak egin dituztela esan du Egañak. «Baina ez gara ados jarri». Honen arabera, langileei aurten KPIaren erdiaren araberako igoera izatea eskaini die udalak, baina hori ez dela bidezkoa dio: «Azken bi urte eta erdian, soldatetan ia %10 galdu dugu, igoera murriztearen eta izoztearen ondorioz. Horren aurrean, orain KPIaren erdiaren araberako igoera, %1,2 ekoa, ez da onargarria». Horren aurrean, atzoko mobilizazioaren bidez, igoera osoaz gain, aurreko urteetan «galdutakoa» emateko eskatu diote Udalari.
Zarauzko Bilduk «borondatea» erakutsi badu ere, udalak «ez ohiko egoeran dagoela eta defizit handia duela» argudiatzen du, Egañaren arabera. Horren aurrean, langileen ordezkariek zerga eredua aldatzeko eskatu diote udalari. «Defizit horren eragileak ez dira Zarauzko Udaleko langileen soldatak».Langileen soldatei «eraso egiten» ari direla uste du Egañak: «Soldatak jaisteak ez du langabezia gutxitzea bermatzen. Soldatak defendatzeko beste edozein langileek duten eskubide berak ditugu, baita behar ber-berak ere. Gainera, funtzio publikoko langileak izatean, zeregin publikoaren eredua ere defendatzen ari gara; gure funtzio eredua doakoa eta unibertsala da, eta hori kolokan dago».
Egoerari aurre egiteko alternatiba nagusiak zerga eredua du oinarri, udal langileen ustez. «Diru gehiena foru aldundietatik jasotzen dute udalek, eta hori estrategikoa da epe luzera». Bestetik,
dituen ondasunak aztertzeko eskatu diote udal langileek
Zarauzko Udalari, ondasun «estrategikoak» zein diren zehaz ditzan.
2010. urtera arte udalen hitzarmena Eudel Euskadiko Udalen Elkartearekin sinatzen zuten, baina ondoren akordioa tokian tokiko udaletan negoziatzen hasi ziren. 2010. urtean soldata murriztu zieten Zaruazko udal langileei, eta iaz, berriz, izoztu. Bestelako langileekin «beldurraren diskurtsoa» erabili bada, langile publikoekin «pribilegioaren diskurtsoa» erabili dela uste du Egañak: «Soldata normalak eta lan egonkorra izateagatik lotsarazi gaituzte».
Bilbon manifestazioa
Zarauzko Udaleko langileek ez ezik, sindikatu gehienek egin zuten bat atzoko protestarekin.
Halaber, Euskal Herriko 25 bat gizarte eragile inguruk murrizketak salatu dituzte; hala nola, SOS Arrazakeria, Pobreziaren Aurkako Mugimendua eta Berriotxoa taldeek. Arlo publikoan egitekoak diren murrizketen kontra, otsailaren 4an Bilbon manifestazio nazionala egingo dute. Sindikatuetako ordezkariek protestarekin bat egiteko eskatu diete herritarrei, eta bertara joateko.
Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren murrizketak ez ezik, aldundien jarduna ere salatu zuten, «antzeko politikak ezartzen ari direlako». «Irtenbide bakarra ikusten dute: gastu sozialak murriztea. Horrek ondorioak ditu gizarte-sarietan», dio Patxi Agirrezabalagak, ELAko komunikazio arduradunak. Egoera iraultzeko «gehien dutenengandik diru-sarrerak lortzea» proposatu du. Egoeraren larritasuna nabarmendu du: «Gero eta pertsona gehiago dago pobrezian».
