
Idoia Etxeberria Elorzak (Oñati, 1977) irabazi du Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Lizardi Sariaren XXX. edizioa, Ez dago argi lanarekin. Hamalau lan aurkeztu dira 2011ko lehiaketara, eta Etxeberriarena aukeratu du Jesus Mari Olaizola Txiliku, Miren Agur Meabe, Iñaki Friera eta Arrate Egañak (2010eko edizioaren irabazlea) osatutako epaimahaiak.
3.700€ jasoko ditu sari gisa Etxeberriak, eta bere lana argitaratu egingo da. Ohi bezala, Zarauzko ikastetxeetan doan banatuko ditu liburuaren 2.500 ale Zarauzko Euskara Zerbitzuak. Argitalpena sari banaketa egunean kaleratuko da, 2012ko apirilean.
Zarauzko Udaleko kultura eta euskara zinegotzi Gari Berasaluzek “zorionik beroenak” eman dizkio irabazleari, eta Lizardi Saria historikoki “erakusleiho bikaina” izan dela adierazi du, “euskarazko ipuingintzan duen garrantzia eta tradizioa” nabarmenduz. “Espero dugu Etxeberriaren lanak ibilbide oparoa edukitzea, eta haur eta gazteen artean irakurzaletasuna pizteko balio izatea, hori baita sariaren helburuetako bat”.
Lizardi Saria sari erreferentziala da haur eta gaztetxoen euskarazko ipuingintzan. Lehiaketa honek duen ospea nabarmentzeko, ikusi besterik ez dago aurreko urteetan irabazle izan diren idazleen zerrenda: Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Felipe Juaristi, Martin eta Xabier Etxeberria, Imanol Azkue, Pello Esnal eta Xabier Mendiguren Elizegi, besteak beste. Beste emakume baten lekukoa hartu du Etxeberriak, Arrate Egañarena, hain zuzen. Giltza lanari esker irabazi zuen 2010eko edizioa Bermeon bizi den idazle gipuzkoarrak.
Idoia Etxeberria (Oñati, 1977)
Oñatin jaioa, Donostian bizi da Etxeberria. Euskal Filologia ikasketak egin zituen Donostian, Kazetaritza Leioan eta Itzulpengintza Masterra Gasteizen. Euskaldunon Egunkaria-n hasi zen lanean, eta gero Berria-n ibili da hainbat urtean. Orain, Ahotsak.com egitasmoan dihardu, ahozko ondarea jasotzen. Goiena egunkarian zutabetxoa idazten du hilean behin. Umetatik gustatzen zaio idaztea, baita sormenarekin lotutako guztia ere.