«Bi gai hain desberdin uztartzea, horixe zen erronka; ea gustukoa den»

Urola Kostako Hitza 2012ko urtarrilaren 20a

Gaurko haurren danborradako karrozari loreak jartzen ari zen atzo Rebeka Larrañaga Udabe azpeitiarra. Aurreneko aldiz egin du danborradako karroza, eta «gustura» gelditu da azken emaitzarekin. Lanak azkar-azkar amaitu, dena prest utzi, eta, lasai, festa giroaz gozatzeko tartea ere hartu zuen atzokoan. Izan ere, sansebastianak oso gustuko ditu Larrañagak. Lanak amaituta, zer sentsaziorekin gelditu zara? Gremio bakoitzak bere lanak primeran bete ditu, eta horren aitzakiarik ez dut. Oso gustura gelditu naiz guztiekin. Bi pertsonaia oso desberdin uztartu behar izan dituzu karrozan: Akilino Amezua zena (organo-jotzailea) eta Jose Aranburu Keixeta zena (aizkolaria). Zaila izan al da? Zailena horixe izan da. Esaterako, aizkora eta euskal kirolak edo organoa eta musika uztartzea izan balitz, errazago lotu ahalko nituzkeen. Bi gai hain desberdin uztartzean, hortxe zegoen erronka, eta zerbait egin dugu, behintzat. Ea jendeari gustatzen zaion. Beste elkarrizketa batzuetan esan izan duzu gustukoak dituzula karrozak. Gustatzen zaizkit, bai, eta inauterietan ere hor ibiltzen naiz beste lagun batekin, urtero zerbait pensatzen. Ba al duzu gogoan karrozaren bat edo beste, oso gustuko? Duela urte asko kioskoarena egin zuten, eta hura asko gustatu zitzaidan. Haurrak karrozan atera ziren lehen aldia izan zela uste dut. Hura grabatuta gelditu zitzaidan. Horrela grabatuta gelditzeko, zer zuen, bada, karroza hark? Azpeitian bizi denarentzat, Azpeitiko kioskoak badu xarma, eta kioskoa ikusten dudanean karroza harekin gogoratzen naiz; dotorea iruditu zitzaidan. Ez dakit zergatik, baina asko gustatu zitzaidan. Karroza polit asko egin dira, hala ere. Zezen plazarena oso polita izan zen, eta beste asko ere bai. Han sortuko zitzaizun, akaso, zaletasuna. Beti gustatu izan zait, eta arreta jartzen diet karrozei, bai. Zu ez ezik, haurrek eta helduek, denek jartzen dute arreta. Norekin pentsatuta egin duzu zuk lan? Umeekin pentsatuta egin dut karroza. Helduei omenaldia da, baina haurrentzako moldatzen saiatu naiz, koloreei dagokienez, adibidez. Nire ustez, behintzat, haientzako egokia izateko moduan moldatu dut. Karrozako pertsonaiak zein diren ba al dakite umeek? Bai, kontatu diet bakoitzak zer ordezkatu behar duen, eta Keixetarena egin behar duena, gainera, haren senitartekoa da. Haurrekin bildu eta gaia zein zen esan nienean, haietako baten amak esan zidan aizkolariaren familiakoak zirela, eta hura jarri nuen Keixeta-ren paperean, dudarik egin gabe. Sansebastianetako danborradan taldea zuzentzen ibilia zara, danborra jotzen ere bai, eta orain karroza egin duzu. Kantinera gisa atera al zara inoiz? Ez, ez. Sansebastianetako paper guztiak betetzeko, beraz, horixe falta zaizu, ezta? Egia esan, sansebastianak oso gustuko festak ditut. Hala ere, neure burua ez dut ikusten horretan. Zein duzu martxa kuttunena? San Sebastian martxa. Badu bere xarma eta zirrara, plazan gauerdian hasten denean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide