Kideak zein izango dituen bozkatuko du bihar TKEk

Urola Kostako Hitza 2012ko urtarrilaren 20a

TKE Traineru Kluben Elkarteak ohiko lehen batzarra egingo du bihar Oiartzunen, eta erakundearen osaketa bozkatu beharko dute kideek; hau da, zein taldek osatuko duten elkartea aurrerantzean. Eta erabaki horrek Orioko Arraun Elkarteari zuzen-zuzenean eragingo dio. Iaz San Miguel Ligan lehiatu ziren 12 taldeek, lehenbizi, iritzia eman beharko dute Orio play off-etan parte hartu izanaren inguruan. Hamabigarren postuan sailkatua zen Orio, eta berez ez zegokion play off-etan parte hartzea, baina urtea amaitzerako Gernikako auzitegiak Urdaibai auzia-ren inguruko aurreprozedura egina izango zuelakoan, eta, ondorioz, TKEk horren aurrean disziplinazko prozedura erabakita izango zuelakoan hartu zuen erabakia. Egun, ordea, epaileak ez ditu kasuari lotutako deklarazio guztiak jaso, eta etenda dago TKEko disziplina organuek abian jarritako txostenda. Hori guztia testuinguru dutela bozkatu beharko dute bihar TKEko kideek zein klub onartu eta zeini eman baja. Kirol merituak aintzat hartuta, Camargok eta Oriok utzi beharko lukete elkartea, eta Portugalete eta Zierbena gehitu behartara. Baina beste aukera bat ere badute esku artean TKEkoek. TKEko zerbitzu juridikoak osatu duen txosten batean zera proposatu du: auzia argitu bitartean hamabi kidek osatu beharrean elkartea, hamaikak osatzea, play off-etako emaitzak kontuan hartuta. Kasu horretan, Portugalete elkartean sartuko litzateke —play off-ak irabazi zituen—, eta Orio eta Camargo atera. Aukera baten edo bestearen alde eginda ere, beraz, Oriok ez du elkartean jarraituko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide