Urteta auzoan San Sebastian festak ospatuko dituzte, eta ohi bezala, herri kirol eta bertso saioak izango dira nagusi datozen egunetan. Aurtengoan, gainera, berrikuntza ugari izango dituzte auzotarrek. Giza proba saioa egingo dute lehen aldiz, esaterkao. Aurreko urteetan izaten zen norgehiagoka, baina idien artekoa edo idien eta gizonen artekoa, baina aurten gizakien artekoa izango da lehia. Antolatzaileek giza probek azkenaldian izan duen «gorakada» aprobetxatu nahi izan dute, eta auzotarren eskaerei erantzun diote. Euskal Herriko errebantxa mundiala izena jarri diote ekimenari, Gipuzkoako txapelketako irabazlea eta irabazleordea arituko direlako nor baino nor hilaren 29an, festen azken egunean. Orioko Heldu! taldeak eta Aiztondo-Oarso taldeak 20 minutuko saioa egingo dute, 800 kiloko harriarekin. Bestetik, afizionatu mailako pilota txapelketa berreskuratu dute antolatzaileek larunbaterako. Egun horretan, gainera, umeentzako jolasak eta txokolatada izango dira estraineko aldiz.
Bertso musikatua larunbatean
Igandean herri kirol jaialdia egingo dute. Joxemari Olasagasti eta Joseba Otaegi aizkolariek eta Joxe Ramon Izeta II, Hodei Iruretagoiena Izeta IV, Mikel Lopetegi Urra eta Xabat harri-jasotzaileek erakustaldia egingo dute, eta ondoren gazteen txanda izango da. Urtero bezala, aizkoran eta harri-jasotzen ez ezik, lokotx bilketan eta trontzan arituko dira. Ondoren, neska-mutilak ezkonduen aurka arituko dira sokatiran. Baina ez da ezkonduentzako ekitaldi bakarra izango. Izan ere, hilaren 27an ezkonduentzako bertso-afaria izango da.
Hilaren 28an, berriz, mus txapelketa azkarra egingo dute. Bikote bakoitzak 20 euro ordainduko du, eta lehenengo zortzi bikotentzat izango dira sariak. Halaber, urteroko bertso musikatua saioa egunez aldatu dute, eta aurten hilaren 28an egingo dute. Hilaren 29an agurtuko dituzte jaiak, gazteek auzoko edadetuei bazkaria eskainiz.
—————————–
Egitaraua
urtarrilak 20, bihar. san sebastian eguna.
10:30. Meza nagusia.
Ondoren. Hamaiketakoa eta trikiti-saltsa izango da Urtetako auzo elkartean, Joseba Areizaga eta Joseba Mokoroa bikotearekin.
22:30. Erromeria izango da, Izer eta Alabier trikitilariekin.
urtarrilak 21, larunbata
11:00. Hamaiketako eskainiko dute auzo elkartean, DJ Muniainek ipinitako euskal musikarekin.
12:30. Afizionatu mailako pilota partida. Etxeberria eta Arzellus, Jauregi eta Biainen aurka.
17:00. Ume jolasak, bost eta hamabi urte arteko umeentzat, Haur Kultur Taldeak antolatuta. Amaieran txokolatada izango da bertaratzen diren guztientzat.
23:00. Erromeria eta festa, Kupela taldearekin.
urtarrilak 22, igandea
10:30. Meza nagusia.
Ondoren. Urtetako auzo elkartean hamaiketakoa eskainiko dute.
Gero. Herri kirol jaialdia, Aratz eta Erlantz trikitilariekin. Aizkolariak: Olasagasti eta Otaegi. Harri-jasotzaileak: Izeta II, Izeta IV, Urra eta Xabat. Honekin batera, bailarako gazteen arteko kirol jokoak izango dira.
Jarraian. Urtetako Neska-Mutil Ardoak taldearen eta auzoko ezkonduen arteko sokatira apustua.
18:30. Erromeria Elustondo Anai-Arrebak bikotearekin.
urtarrilak 27, ostirala
21:00. Auzoko ezkonduentzat bertso-afaria izango da, Andoni Egaña eta Iker Zubeldia bertsolariekin.
Jarraian. Erromeria goizeko ordu txikiak arte, Izer eta Lutxurdio trikitilariekin.
urtarrilak 28, larunbata
16:00. XI. Urtetako Mus Txapelketa Azkarra.
22:45. Hamaika Bertuterekin, bertso musikatuak. Bertsolariak: Iñigo Manzisidor Mantxi, Aitzol Barandiaran, Jokin Labaien eta Ander Lizarralde. Musikariak: Oñatiko Imanol eta Jimi.
urtarrilak 29, igandea
10:00. Meza Nagusia.
Ondoren. Mollarri dantza taldeen ekitaldia, eliz atarian.
Gero. Hamaiketakoa, auzo elkartean.
Jarraian. Gizon proba, Urtetako plazan. Aiztondo-Oarso taldea Orioko Heldu! taldearen aurka. 800 kiloko harriarekin 20 minutuko saioa egingo dute.
Eguerdian. Auzoko gazteek edadetuei omenaldi-bazkaria eskainiko diete.