Ostiraletakoak larunbatean

Aritz Mutiozabal 2012ko urtarrilaren 19a

Azpeitiko eta Azkoitiko kideek osatutako Friday’s Crew musika taldeak jaialdia antolatu du etzirako, argitaratu berri duten bigarren diskoa aurkezteko. Aitzakia horrekin, ostiraletako koadrilak lagun dituen hainbat talde gonbidatu du beraiekin agertokia partekatzera. «Jakin bagenekien gu ikustera jendea etorriko zela, baina talde gehiago ekarriz gero, betiere jende gehiago mugitzen da. Azken finean, guk bakarrik joko bagenu ordubeteko saioa izango zen, eta antolatu dugunak arratsaldetik goizaldera arte iraungo du», adierazi du taldeko abeslari Markel Elias Markesa-k. Txarrantxa tabernan emango diote hasiera festari, 17:00etan, Brutal Calling eta In Your Face taldeen emanaldiekin. Ondoren, tragua eta pintxoa hartzeko aukera izango da gaztetxean, eta 22:00etatik aurrera, NPJ, Kaleko Urdangak eta Friday’s Crew igoko dira taula gainera.   Pentsarazteko abestiak Pentsatu iratzarri izenburua jarri diote diskoari, izen bereko abestitik hartuta. «Aspaldiko garaietan bertako jendea kanpora joaten zen. Hango aberastasunak hartu eta sarraskiak egin ondoren, gaur egun hangoak hona etorri dira, eta hemen ez zaie begi onez ikusten», abestiaren nondik norakoa azaldu du Markesa-k. Guztira, zortzi abesti jaso dituzte lan berrian, eta horietan «mundua nola dagoen» azaltzen dute: «Pentsarazteko hitzak egin ditugu». Musikari dagokionez, punk oi! estiloarekin jarraitzen du taldeak, baina, orain, rock&roll ukitu gehiagorekin. «Bizitasun bera du, baina abestiak landuago daude».   http://youtu.be/PSyoo6mxOZs Salbuespeneko hiru kontzertu kenduta, urte eta erdi eman du taldeak eszenatokietatik kanpo. «Zuzenekoak jo behar baldin baditugu, zuzenekoak ongi prestatzea gustatzen zaigu. Guretzat ez da bideragarria kontzertuak jotzen ari garen bitartean abestiak ateratzea. Beraz, geldialdi bat egitea erabaki genuen diskoa behar bezala prestatzeko», dio abeslariak. Horrekin batera, Arkaitz Ayuso gitarristak taldea utzi zuen, eta haren ordez Jon Custodio sartu zen. «Horrek ere bere zailtasuna izan zuen, abestiak erakutsi behar izan genizkiolako. Baita gitarra taldera egokitu behar izan genuelako ere». Gainerako taldekideak lehengokoak dira; hau da, Markel Elias Markesa abeslariak, Gorka Agirre gitarristak, Ibon Labaka baxu-jotzaileak eta Harri Etxeberria bateri-jotzaileak osatzen dute boskotea. Lehen diskoarekin bezala, bigarren hau ere Azpeitiko Lobo estudioan grabatu dute. Uztailean hasi ziren grabatzen, eta abenduan bukatu zuten prozesua. «Guztia gure gustura jartzeak denbora eskatzen du, eta azkenean pixka bat luzatu zaigu», azaldu du Markesa-k. Teletetxo Rekords-en babesean kaleratu dute duela astebete pasatxo, eta bost eurotan eros daiteke Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat tabernatan. Aurrera begira, Gipuzkoan eta Bizkaian ere zabaltzeko asmoa dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide