Datorren larunbatean, hilaren 21ean, da Santa Ines eguna. Orduantxe hasiko dira Iraetan festak. Datorren astebururako eta hurrengorako antolatu dituzte ekitaldi eta ekimenak Iraeta Denon Artean taldeko kideek.
Goizean goiz hasiko dira festak, txupinazoa 10:00etan botako baitute. Horren ondoren auzoko haurrek zuhaitzak landatuko dituzte, eta 11:00etan Santa Ines eguneko meza izango da. Eguna amaitzeko, ipuin kontalaria eramango dute Gure Ordeka elkartera.
Igandean ere goizetik arratsalderako egitaraua prestatu du Iraeta Denon Arteanek. Diana eta mezaren ostean, helduei omenaldia zein hamaiketakoa, eta jaioberriei ongietorria antolatu dituzte goizerako.
Hamar harri-jasotzaile
Igande arratsalderako festetan ikusmin handia sortuko duen ekimena prestatu dute, Iraetako III. Errota Harria Txapelketa, hain zuzen. Hamar harri-jasotzaile ariko dira nor baino nor. Frontoian izango da herri kirol ikuskizuna, eta irabazleak 800 euroko eta txapela jasoko du sari moduan. Bigarrenak 600 euro, hirugarrenak 450, eta laugarrenak 350. Bost minutuko txandak izango dira, errota harria ahal bezainbestetan altxatzeko. Ondoren, sailkatzen direnek finala jokatuko dute. Harri-jasotzaile hauek hartuko dute parte: Aimar Irigoien, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.-a, Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.-a, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.-a, Iban Ugartemendia, Urtzi Telleria, Bernardo Ureta Urpe, Beliosoro, Gotxarri eta Unai Lertxundi.
Urtarrilaren 27rako, mus txapelketa antolatu dute Bekotxe merenderoan. Izen-ematea 22:00etan hasiko da, eta bikoteko 30 euro ordaindu beharko da. Irabazleari 1.000 euro eta txapela emango dizkiote.
Hurrengo larunbat eguerditik ekimenez ekimen aritzeko aukera izango du hala nahi duenak. Auzotarren baba jana antolatu dute Gure Ordekan, 14:00etan. Bazkaria amaitutakoan, 17:00ak inguruan, auzoen arteko futbol 7 txapelketa izango da, Iraetako futbol zelaietan. Txapelketaren ondoren, 19:30ean, herri poteoa hasiko da auzoan zehar. Poteoari jarraipena emanez, afaltzeko txotxarekin batera txorizoa, saiheskia, salda eta postrea izango dira frontoian, herri afarian. 23:30eanDrindots taldearekin berbena izango da. Azken festa eguna haurrena izango da. Goizean pilota partidak izango dira, eta arratsaldean, berriz, puzgarriak, tailerrak eta umeen arteko Molto-Kross karrerak. Amaitzeko, 18:30ean txokolate-jana eta gozoki jaurtiketa izango dute umeek.
