Joxe Takolo Beka 2012rako deialdia egin dute

Zestoako Hitza 2012ko urtarrilaren 18a

Goi-mendizaletasunarekin lotuta dauden maila handiko eta orijinalak diren proiektuak bultzatzeko sortu zuten Joxe Takolo Beka, Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizalea zena gogoan. Bekaren aurtengo deialdia egin du Azpeitiko Udalak, eta egitasmoak martxoaren 1etik 31ra bitartean aurkeztu beharko dira Azpeitiko udaletxeko erregistroan. Diru laguntza 4.200 eurokoa da. Dirua Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak jartzen dute. Bekara aurkezteko proiektuek goi-mendizaletasunarekin lotuta egon behar dute, eta aurten bertan egitekoa izan behar du. Proiektua antolatzen edo parte hartzen dutenek Euskal Herriko mendizaleak, mendi elkarteak edota beste era bateko elkarteak edo taldeak izan behar dute. Aurkeztutako egitasmoen artean zein diruz lagundu erabakitzeko mahaia Azpeitiko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Euskal Herriko Mendi Federazioko ordezkariek osatuko dute. Erabakia apirilaren 1etik 15era bitartean hartuko dute. 2001ean sortu zuten Joxe Takolo Beka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide