Azken hiru urtetako margolanak bildu eta Donostiako El Muro tabernako hormetan jarri ditu erakusgai Azpeitian bizi den
Gaizka Otamendi (Zestoa. 1984) artistak. Dozena bat lanek osatzen dute erakusketa, eta horietan zezenak, zaldiak eta gizakiak ageri dira, abstrakzioaren eta fiburatibismoaren arteko nahasketa eginez; erakusketa otsailaren 12a bitartean ikus daiteke. Baina, margogintza ez ezik, Otamendik argazkilaritza ere lantzen du. Hona hemen biharko egunkarian argitaratuko den elkarrizketaren aurrerapena:
Lerroz osaturiko sare multzo batetik sortutako irudi figuratiboak sortu dituzu. Nola osatzen duzu abstrakziotik abiatuz figuratibismoan bukatzen duen prozesua?
Paper zurian lerro fin batzuk egiten joaten naiz, besterik gabe, eta lerro horiekin sare bat osatzen dudanean, irudi figuratiboak bilatzen hasten naiz. Lerro gurutzaketek edo elkarketek sortzen dituzten formak aprobetxatuz, irudiak eraikitzen saiatzen naiz.
Lerro horiek margotzen hasten zarenean derrigorezkoa al zaizu errealitateko formak bilatzea?
Azken finean, hori da nire helburua; hau da, lerroen bitartez fiburatiboa den zerbait egitea. Enkontrismo moduko bat dela esan daiteke. Aintzina batean xamanek edo lehen gizakiek kobazulotan egiten zituzten marrazkiak bezala dira. Harkaitzetan formak bilatzen saiatzen ziren haiek, eta forma horiei zezen edo zaldi itxura ematen zieten.
Arbasoen marrazketa teknika bera erabili duzu, orduan?
Erabilitako teknika gaur egungoa izan da, akuarela eta tinta kotoizko paperaren gainean. Marrazteko modua, aldiz, arbasoek kobazulotan egiten zuten bera da.