Zailtasunen aurrean, alternatibak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko urtarrilaren 18a

«Aurreko legealditik jaso dugun kudeaketa herentzia ez da batere ona izan», adierazi du Zarauzko Udal Gobernuak. Zorrak medio, diru sarrerak eta gastuak parekatzeko «zailtasunak» ditu, eta, ondorioz, baita 2012rako aurrekontuak prestatzeko ere. Behin aurrekontuen partidak itxi eta beste alderdiekin adostu ostean, herritarrei aurkeztuko dizkiete, bilera bakarrean. Aurrekontuak adosterakoan udal ordezkariek auzoz auzo egindako bileretan jasotako proposamenak kontuan izaten saiatuko dira. «Hala ere, udalaren baliabideei erreparatuz, gutxiri erantzun ahalko diegu». Dena den, badira aurrera eramango dituen hainbat proiektu. Honakoak dira udal gobernuak datozen urtetarako dituen asmoak. Saihesbideari alternatiba Herri erdigunetik igarotzen den N-634 errepidean izaten diren auto pilaketei irtenbidea emate aldera, aldundiarekin harremanetan jarri da udala. Duela hilabete batzuk saihesbidearen proiektua geldiarazi zuen Gipuzkoako erakundeak, eta egoerari alternatiba topatzeko lanean dihardu udalarekin. A8 autobideaz baliatzea aztertzen ari dira, hala. Hirigintza zinegotzi Iñaki Eizagirrek jakinarazi duenez, bi bide daude trafikoaren arazoari aurre egiteko: trafikoa askotariko bideetatik bideratzea, edota trafiko guztia beste bide batetik igaroaraztea. Behin irtenbideak zehaztuta, herritarrei aurkeztuko dizkiete, haien irizpideekin bat egiten duten ikusteko. TAO sistemari buelta TAO sistemari «buelta» ematea aztertzen ari dira udal ordezkariak. Kontratua uda amaieran bukatuko da, eta ordurako irtenbideren bat izango dute prest. Desagertu, ordea, ez dela desagertuko nabarmendu dute: «Ongi funtzionatzen du orokorrean. Zenbait [...]

«Aurreko legealditik jaso dugun kudeaketa herentzia ez da batere ona izan», adierazi du Zarauzko Udal Gobernuak. Zorrak medio, diru sarrerak eta gastuak parekatzeko «zailtasunak» ditu, eta, ondorioz, baita 2012rako aurrekontuak prestatzeko ere. Behin aurrekontuen partidak itxi eta beste alderdiekin adostu ostean, herritarrei aurkeztuko dizkiete, bilera bakarrean. Aurrekontuak adosterakoan udal ordezkariek auzoz auzo egindako bileretan jasotako proposamenak kontuan izaten saiatuko dira. «Hala ere, udalaren baliabideei erreparatuz, gutxiri erantzun ahalko diegu». Dena den, badira aurrera eramango dituen hainbat proiektu. Honakoak dira udal gobernuak datozen urtetarako dituen asmoak.

Saihesbideari alternatiba
Herri erdigunetik igarotzen den N-634 errepidean izaten diren auto pilaketei irtenbidea emate aldera, aldundiarekin harremanetan jarri da udala. Duela hilabete batzuk saihesbidearen proiektua geldiarazi zuen Gipuzkoako erakundeak, eta egoerari alternatiba topatzeko lanean dihardu udalarekin. A8 autobideaz baliatzea aztertzen ari dira, hala. Hirigintza zinegotzi Iñaki Eizagirrek jakinarazi duenez, bi bide daude trafikoaren arazoari aurre egiteko: trafikoa askotariko bideetatik bideratzea, edota trafiko guztia beste bide batetik igaroaraztea. Behin irtenbideak zehaztuta, herritarrei aurkeztuko dizkiete, haien irizpideekin bat egiten duten ikusteko.

TAO sistemari buelta
TAO sistemari «buelta» ematea aztertzen ari dira udal ordezkariak. Kontratua uda amaieran bukatuko da, eta ordurako irtenbideren bat izango dute prest. Desagertu, ordea, ez dela desagertuko nabarmendu dute: «Ongi funtzionatzen du orokorrean. Zenbait gunetan oztopoak sortu ditu, eta hori zuzentzen saiatuko gara, baita herritarrei TAO sistema malguagoa eskaintzen ere», adierazi du herrilaneko zinegotzi Mikel Goenagak. Aparkalekuei lotuta, hainbat kale norantzaz aldatuko dutela gehitu du, eta horrek aparkaleku gehiago sorraraziko dituela. Horrekin batera, autobus zerbitzuaren egoera ere aztertzen ari direla esan dute, «ahalik eta eraginkorrena izan dadin» .

Kultur azpiegitura
«Polikulturala ez da sekula egingo». Hala esan du hirigintza zinegotziak. Horren aurrean, «herriaren neurrira egindako azpiegitura» sortzeko asmoa du udal gobernuak. Aurrez, ordea, kulturaren inguruan hausnarketa abiarazi behar dela dio Eizagirrek. «Lehenik eta behin, kultura nola ulertzen dugun zehaztu beharra dago; ziklo bat bezala ala kontsumitzeko produktu gisa». Hori dela eta, politika kulturala ez dute ekipamendu batera mugatu nahi: «Kultura harago dago». Horretarako, herriko eragileekin harremanetan dago udala; Ariola ekimenarekin, kasu. Hala ere, herrian kultur eskaintzari zuzendutako azpiegitura baten beharra dagoela nabarmendu du, eta Zarauzko Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lanketa horretan murgilduta dagoela .

Eraikuntza
Bi urtez proiektua geldituta egon ostean, «inoiz baino martxa hobea» du Errotaberriko egitasmoak. «Urteko azken batzordetik igaro genuen gaia, eta proiektua aurrera doa». Jaurlaritzak lau milioi euro eta erdi eman zituen bere garaian egitasmoa gauzatzeko, baina ez da aurrerapausorik eman azken bi urtean. Enpresak, gainera, herritik kanpora lekualdatzen ari direla adierazi du hirigintza zinegotziak: «Ez dago lekurik ez azpiegiturarik euren asmoak aurrera eramateko». Bertara zein industria mota erakarri nahi den eztabaidatu behar dela nabarmendu dute.

Errotaberri eraiki ezean, ezin da aurrerapausorik eman Salberdin proiektuan. «Bilduko mataza bezalakoa da auzia, hari bati tira egin eta ateratzen bada, atzetik aterako dira gainontzekoak», azaldu du Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik. Ildo horretatik, Errotaberrirekin hasitakoan ekingo diote Salberdingo planari ere.

Aldapetako proiektua ere abian da, baina eperik gabe. «Aurreko legealdian azkarregi saldu zuten plana. Orduan ez zegoen ezer paper gainean», diote. Aurre proiektua eginda dagoela jakinarazi dute, eta otsailerako urbanizazio plana amaituta izango dutela. Gerora, exekuzio proiektua idatzi beharko da. «Orduan jakingo dugu zenbateko kostua izango duen proiektua egiteak», adierazi dute.

Irita «gai korapilatsua» dela nabarmendu dute: «Sektoreen arteko oreka lortu nahi da. Zarautzek industria falta nabarmena du, eta hori erakartzeko ahal dena eta gehiago egingo da». Horrekin batera, gunea «delikatua» dela gogoratu du Eizagirrek, «uholdetzeko arrisku handia» duelako. Ildo horretatik, Ur Agentziako teknikariak Irita aztertzen ari dira. «Gauzak argi ditugunean ekingo diogu lanari, ez dugu aldez aurretik salduko», nabarmendu du Illarramendik.
Kortazarren inguruko auzia, berriz, epaitegietan dago oraindik. «Epaiaren zain dago, geldirik». Elizelai eta Laurgain etxepeetako bizilagunek planaren aurka helegiteak jarri dituzte hainbat epaitegitan, eta epaia ebazteke dago oraindik.

Trena lurperatzea
«Ilusioa da trena lurperatzea», nabarmendu du alkateak. Egun, trena lurperatzea posible den ala ez ikertzen ari da Eusko Jaurlaritza. Udal gobernuak honakoa «aurre azterketa soilik» dela nabarmendu du, ordea. Horrez gain, Mitxelena auzoko etxeetako kalteak zerk eragin dituen aztertzeko aukera dagoela gehitu du herrilan zinegotziak: «Oraindik ez dago argi zerk eragindituen kalteak, eta, ondorioz, ETSari azterketa egiteko eskatu diogu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide