Imanol Elias aipatuko dute helduen danborradan

Nerea Uranga 2012ko urtarrilaren 18a

Azpeitian hasi dira danbora hotsak entzuten, eta mila azpeitiar inguru prest da danborradan parte hartzeko. Atzo, Azpeitiko Udaletik azaldu zenez, San Sebastian bezperako helduen danborradan Imanol Elias Odriozola historialari eta idazle azpeitiarrari omenaldia eskainiko diote, «urteetan Azpeitiaren alde alor anitzetan egindako lan aitortu nahian». Festak gainean direla, herritarrak buru-belarri murgildu dira prestaketetan. Bihar, San Sebastian bezperako helduen danborradan 1.200 lagun inguruk hartuko dute parte. Gastadoreez gainera, 26 danbor taldek irtengo dute bertan. Hauek dira taldeak, hurrenkeran: Oñatzbideko gastadoreak, Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Mendizaleak, Barratsu, Zezenzaleak, Barrenetxea, Oilo Soro, Irrintzi, Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko, Zokoa, Basazabal, Ziripot, Landeta Egizale, Alkartasuna, Ollagorra, Loiola Bide Zahar, Amnistia, Zulo Zabal, Loiolatxo, Itsasi eta Harkaitza. Oñatzbideko gastadoreak taldea aurten aurreneko aldiz aterako da. Horregatik, gastadoreen atzetik irtengo dira. «Berez, gastadoreen atzetik lehen danbor taldea Amnistia egokitzen zen aurten, baina talde berriak gastadoreen segidan irtetea eskatu zuen. Talde guztien batzarrean bozketa egin zen, eta aurtengoz hala izatea erabaki zen», dio Mikel Ibarzabalek, festetako zinegotziak. Abenduaren 28ko bileran egin zuten zozketa. 11 taldek gastadoreen atzetik joatearen alde bozkatu zuten; hamar taldek ezezkoa bozkatu zuten; eta lau abstenitu egin ziren. Irailean hasi ziren danbor taldeetako ordezkariak aurtengo danborrada antolatzeko bilerak egiten. Irailetik abendura bitartean hiru bilera egin zituzten, eta haietan danborradaren ordutegia lehengora bueltatzea erabaki zuten. «Iazko aldaketekin jendea ez zen gustura gelditu, eta berriro danborrada irteteko ordua 22:15ak izatea erabaki zen», kontatu du Ibarzabalek. Helduen danborradako ordezkarien bilerak ondo joan direla ere nabarmendu du zinegotziak. Bihar gau erdian helduen danbor talde guztiak herriko plazan izateko ibilbidea pixka bat moztu egin dute. Damaso Azkue auzoko itzulia kendu dute, zehazki. Denbora falta izan da hori erabakitzeko arrazoi nagusia. Orain taldeek kalean elkarri enbarazu egiten ote dioten ikusi behar. Ongi koordinatzen saiatu beharko dugu, hori ekiditeko». Etzi, San Sebastian egunez, haurren danborradaren txanda izango da. 600 haur inguru aterako dira danborradan, hamar taldetan banatuta. Karroza Rebeka Larrañaga azpeitiarrak diseinatu du, eta han irtengo duten haurrak Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoak izango dira. Gauez autobus zerbitzua Azpeitiko sansebastianak direla eta, autobus zerbitzu berezia jarri du Eusko Trenek bihar gauean Zumaiarako, Zestoarako eta Azkoitirako. Azpeitiko anbulatorio aurreko geltokitik Azkoitira irtengo dira autobusak: 01:00etan, 02:00etan, 03:20ean, 04:00etan eta 05:20an. Azpeitia-Zestoa-Zumaia ibilbidea egingo duten autobusek Trenaren Museo aurreko geltokitik irtengo dute honako orduetan: 02:30ean eta 04:30ean. Estreinatzeko prest Oñatzbideko gastadoreen taldeak bihar lehen aldiz hartuko du parte helduen danborradan. Gastadoreen taldeak duen janzkera bera izango dute danbor taldekoek ere (goian Nabar dendako erakusleihoan). Baina Mireia Amenabar jostunaren arabera, polainak gehitu dizkiote janzkerari, eta txapelak ere berriak egin dituzte   ------------------------------- Sansebastianetako egitaraua: urtarrilak 18, gaur -16:00. Haurren danborradako taldeen entsegua, Izarraitz pilotalekuan. -21:00. Helduen danborradako taldeen entsegua, Izarraitz pilotalekuan. urtarrilak 19, bihar san sebastian bezpera -15:30. Karmelo Etxegara ikastolako Haur Hezkuntzako ikasleen danborrada, Euskal Herria auzoko ikastetxearen jolaslekuan. -16:00. Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen danborrada, ikastolaren atarian. -16:00. Iraurgi ikastetxean, Betharrametako atarian. Iraurgiko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBH 1-eko ikasleen danborrada. Eguraldi txarra egiten badu, Haur Hezkuntzakoek eta DBHko ikasleek euren ikastetxeetan joko dute, etaLehen Hezkuntzakoek, berriz, Betharrametako frontoian. -16:15. Karmelo Etxegara ikastolako Lehen Hezkuntzakoen daborrada, Perdillegiko jolas lekuan. -22:15. Olazko Andre Mariaren plazatik irtenda, helduen danborrada. -24:00. Herriko bandera igoko dute udaletxeko balko-ian eta danborradako talde guztiek batera danborradako doinuak joko dituzte, herriko plazan. urtarrilak 20, etzi san sebastian eguna -09:00. Izarraitz txistulari taldekoen eta Juan Antxieta Musika Eskolakoen goiz eresia. -09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa danbor taldeak herriko musika bandarekin eta Juan Antxieta Musiak Eskolako txilibiteroak kalejira egingo dute. -10:15. Udalbatza parrokiara joango da udaletxetik. -10:30. Parrokiatik irtenda, prozesioa. -10:45. Meza nagusia, parrokian. Olazko Amari zuzendua, parrokiko eta Julian Barrenetxea abesbatzek abestuta. Mezaren egilea: Jose Mari Altuna. Organoa jotzen Jose Luis Frantzesena ariko da. -12:00. Sokamuturra, herriko plazan. Arno ganadutegiko zezenak. -12:30. Haurren danborrada eta karroza, Aranetik eta Artzubiatik irtenda. -16:30. Sokamuturra, kaleetan zehar. Arnoko zezenak. -18:15. Pilota partidak, Izarraitz pilotalekuan. Lehen partida, Binakako Promozioko txapelketa, Tainta eta Argote Mendizabal III.a eta L. Galarzaren kontra. Bigarren partida, Binakako Pilota Txapelketakoa, Xala eta Laskurain Arretxe II.aren eta Beginoren kontra. -22:45. Bandera jaisteko danborradaren irteera, Sanjuandegitik irtenda. Herriko plazan bukatuko da danborrada. Parte hartuko duten taldeak: Loiolabide Zahar, Oñatzbideko Gastadoreak, Zulo Zabal, Loiolatxo, Itsasi eta Harkaitza. Herriko Musika Bandarekin egingo dute danborrada. urtarrilak 21, larunbata -13:00- 15:00. Haur parkea, herriko plazan. -16:00- 20:00. Haur parkea, herriko plazan. urtarrilak 22, igandea -12:00. Sokamutur txikia Erdikaletik herriko plaza nagusira. Ondoren, zezen txikiak eta poniak, herriko plazan. Lopene ganadutegiko zezenak eta poniak aterako dituzte. -16:30. Sokamuturra, Erdikaletik irtenda, herriko kaleetan. Bergarako zezenak edo Almorza (lehen Gorixo) ganadutegiko zezenak aterako dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide