Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Herri Ikastolak, iaz arrakasta ikusita, bigarren aldiz antolatu du Orioko mendi lasterketa. Apirilaren 1erako prestatu du ekimena. Antolatzaileek dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea. Martxoaren 28ra bitartean inskribatu ahalko dira interesa dutenak, www.oriokoikastola.net edo www.herrikrossa.com atarietan. Korrikalari bakoitzak 12 euro ordaindu beharko du.
Aurten gehienez 350 korrikalari lehiatuko dira Orioko II. Mendi Lasterketan. Aurretik kupoa betetzen ez bada, egunean bertan ere eman ahalko da izena, 08:00etatik 09:00etara. Egunean bertan izena ematea, ordea, garestiagoa izango da; 20 euro ordaindu beharko dute korrikalariek. Hemezortzi urtetik gorakoek hartu ahalko dute parte proban.
18 kilometroko ibilbidea
Orioko II. Mendi Lasterketak 18 kilometroko ibilbidea izango du, eta herri inguruko mendialdea zeharkatuko du, iaz bezala. 1000 metroko gora-behera positiboa du, eta punturik garaiena Kukuarri mendia izango da, 364 metrokoa.
Apirilaren 1ean, igandean, 10:00etan hasiko da lasterketa. Irteera eta amaiera puntua Orioko Herri Ikastola izango da. Abeslari kalean dago zentroa. Parte-hartzaile bakoitzari egunean bertan banatuko dizkiete dortsalak eta poltsa, 08:00etatik 09:30era bitartean.