Bikote bereziak norabide berean

Aritz Mutiozabal 2012ko urtarrilaren 18a

Zumaiako I. Txakurkros proba jokatuko dute igandean, eta eskualdean antolatzen duten lehena izango da, gainera. Herrian hainbat zaletu ibiltzen da txakurrarekin korrika; tartean, Pedro Etxeberria. Punta-puntan aritzen da zumaiarra. Haiek proba antolatzeko proprosamena egin zioten udalari, eta animatu egin zirela adierazi du kirol teknikari Fran Aizpuruak: «Lehena izateak errespetu pixka bat sortzen digu, baina modalitatean eskarmentua duen herriko jendearen laguntza baliatu dugu antolatzean». Gainera, Gipuzkoako Txakurkros Ligarako puntuagarria izango da. Zailena ibilbide egokia bilatzea izan dela nabarmendu dute antolatzaileak, baina, azkenean, zirkuitu polita osatu dute. «Asfaltoa ez da egokia txakurrentzat, hatzamarrak mintzen baizaizkie. Orduan, zelaia, belarra edo lurra behar dute lasterka aritzeko, eta ahalik eta asfalto eta hartxintxar eremu gutxien sartzen ahalegindu gara, nahiz eta hasieran eta bukaeran ekiditea ezinezkoa izango den». Parte-hartzaileak Aitzuri kaletik abiatuko dira txakurrekin; Eroski supermerkatu ingurutik, alegia. Hortik Kantea baserrira joango dira Puntanuetatik, eta handik San Lorente ermitara iritsiko dira. Ermita inguruko zelaietan 3 kilometroko zirkuitua egin ondoren, heldutako tokitik helmugaratuko dira. Guztira, 7 kilometro izango du ibilbideak. Guztia lotuta dute, baina eguraldiak kezkatzen ditu: «Halako lasterketak mendi eremutan jokatzen dira, eta euria eginez gero, lokatz handia sor daiteke eta lasterkariek labaintzeko arriskua izan dezakete. Beraz, eguraldia lagun izatea espero dugu». Izena aurretik emateko aukera izango da www.herrikrossa.com webgunean, 18 euro ordainduta. Egunean bertan ere eman ahal izango da, lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago, eta 20 euro balioko du. Sariak kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuei emango dizkiete, bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan. Proba 11:00etan hasiko bada ere, albaitariaren kontrola pasatu beharko dute txakurrek 09:00etatik 10:15ak bitartean. «Kontrola ezinbestekoa da txakurra nola dagoen jakiteko. Guztiak dute beren txipa, eta kontrolak eginda, baina badaezpada ere azterketak egiten zaizkie. Izan ere, lehentasuna animaliak dute halako probatan». Ondoren, 10:30ak aldean, lasterketako argibideak emango zaizkie parte-hartzaileei. Herrian ikusmina sortu du lasterketak, baita zirkuituak ere. Orain arte proba guztiak herrigunean egin dituzte, eta hau bestaldera antolatu dutenez, jendeak badu ikusmina. «Proba San Lorentetik bertatik ikustea ederra izango da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide