Zabaldu dute Emakumearen Nazioarteko Egunerako kartelak aurkezteko epea. Urtero legez, Parekidetasun sailak antolatu du ekimena, eta bertan parte hartu nahi dutenek hilaren 27a baino lehenago aurkeztu beharko dituzte lanak. Jakinarazi dutenez, kartelak Din A3 formatuan egin beharko dira, eta guztiek 2012ko martxoaren 8a-Emakumearen Nazioarteko Eguna/8 de marzo de 2012-Dia Internacional de la Mujer testua jaso beharko dute. Aipatu esaldiaren azpian, zati bat hutsik utzi beharko da, logotipo ofizialak idatzi eta martxoaren 8rako antolatu duten egitaraua gehitzeko.
Kartelak egilearen izenik gabe aurkeztu beharko dira; atzekaldean ezizena gehituta. Egilearen datuak, berriz, kartazal itxi batean idatzi beharko dira. Gerora, datuen gutuna eta kartela, biak kartazal handi batean sartu beharko dira eta Parekidetasun sailaren egoitzan (Zigordia kalea, 33) utzi , astelehenetik ostiralera, 11:30etik 14:30era. Postaz ere bidali ahalko dira kartelak. Irabazleak 600 euroko saria jasoko du.
Lehiaketaren oinarrei buruzko informazio gehiago jaso nahi duenak hainbat bide izango ditu. Batetik, Parekidetasun sailaren egoitzara bertaratu daiteke.
Bestetik, 943-005117 telefonora deituta argi ditzake interesa duenak zalantzak edota berdintasuna@zarautz.org helbidera mezua bidalita. Bestalde, informazio zabalagoa eskuratu nahi dutenek www.berdintasunazarautz.blogspot.com webgunea bisitatu dezakete.
