"Lurgunea handitzea" izango da Uemaren aurtengo erronka nagusia

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko urtarrilaren 17a

«Garai berria aprobetxatuz, indarrak batu, eta jauzi kualitatiboa emateko urratsa egingo du mankomunitateak». Hala adierazi zuen Uema Udalerri Euskaldunen mankomunitateko lehendakari Maren Belastegik, elkarteak larunbatean Zumaian egindako batzarrean. Ildo horretatik, mankomunitatean udal gehiago sartzeko lanean dihardutela nabarmendu zuen. Belastegiren arabera, udal askok Ueman sartzeko «borondate politikoa» dute, baina baita zailtasunak ere. Elkarteko lehendakariak jakinarazi zuenez, arazo ekonomikoen ondorioz dituztehorretarako arazoak. Hala ere, aurtengo erronka nagusia «lurgunea handitzea» izango da. Udal hauteskundeen ostean, 20 udalekin izan da harremanetan, eta datozen hilabeteetan udal horietako askok mankomunitatean sartzeko eskaera egitea espero du Uemak. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko eragileekin lan ildoa berreskuratzeko asmoa dutela ere iragarri zuen Belastegik. Guztira, 70 ordezkari politikok baino gehiagok hartu zuten parte Zumaiako bileran. Euskararen normalizazioa Uemako ordezkariek 2012ko egitasmoa eta aurrekontua onartu zituzten larunbateko batzarrean, aho batez. Ildo horretatik, euskararen arnasguneak zein diren eta euskararen normalizazioan zer-nolako garrantzia duten gizarteratzea, udalez udal barne erabilera planetan sakontzea, eta udal administrazioetatik kanpoko esparruetan—etorberriei dagokionez, lan munduan eta legezko babesaren bermeetan, besteak beste— eragitea izango dira aurten landu beharreko lehentasunezko esparruak. Euskararen normalizazioan udal administrazioek «garrantzia handia» dutela nabarmendu zuen Kontseiluko Iñaki Lasak, baita Uemako udalerrietan egindako lanak ere: «Baina euskara normalizatzeko plangintza nazionala ez edukitzea ere gabezia handia da. Euskararen normalizazioaren etorkizuna udalerri euskaldunetan ari da jokatzen nagusiki». Kontseiluko kidearen arabera, arrakastarako giltzarrietako bat «herri gogoa» da. «Hizkuntza politika ez da soilik euskararen alde egiten dena: hizkuntza politika beti egiten da, euskararen alde edo aurka. Eta asko dira euskararen aurkako hizkuntz politika egin dutenak, eta egiten ari direnak». 2011ko balantzea Iazko jardunaren balantzea ere egin zuten larunbatean. 2011ko jardueren artean, Hizkuntz ekologia eta lurralde euskaldunak topaketak nabarmendu zituzten. Bertan, Uemaren 20 urteko ibilbidea azaldu zuten, baita etorkizuneko ildoak ere. Mankomunitateko herrietan euskararen arnasguneak zer diren eta horrek euskararen normalizazioan zer nolako garrantzia duen gizarteratu beharrra dagoela ondorioztatu zuten topaketa horietan. Bestalde, erakundeekiko harremanak hobetu zituela nabarmendu zuten, Eusko Jaurlaritzarekin eta aldundiarekin, hain zuzen. Horrez gain, etorriberrientzako egitasmoak, udalen barne erabilera planak, finantza erakundeekiko hitzarmenak eta euskalgintzako talde eta eragileekiko harremanak indartu zituela gogoratu zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide