
Ezkerretik hasita, Asier Aranguren (Metta Carbon), Igor Aranguren, Unai Iparragirre, Cristian Astals, Genis Soriano, Pablo Sanchez eta Ismael Etxarri
Ez da ohikoa pistako txirrindularitzaren aldeko apustua egin, eta modalitatean erabat bereiztea. Are gutxiago Urola Kostan, belodromorik ez dagoela. Zarautzen egoitza duen Jira Bira Track elkarteak, ordea, ahalegin berezia egin du, eta, bigarren urtez, afizionatu mailako ARN-SLECE taldearekin ari da lanean buru-belarri. Proiektua larunbat eguerdian eman zuten ezagutzera, Zarautz hotelean eginiko aurkezpen ekitaldian.
Jira Bira Track ARN-SLECE bost txirrindulari gaztek osatzen dute: Igor Aranguren zarauztarrak, Unai Iparragirre azpeitiarrak, Pablo Sanchez asturiarrak eta Genis Soriano eta Cristian Astals kataluniarrek, hain zuzen ere. Taldearen zuzendaritza teknikoaz Ismael Etxarri zarauztarra arduratzen da, Fernando Ollokiegirekin elkarlanean, eta azpiegitura mekanikoaz, berriz, Zarauzko Metta Carbon etxea. Arritxu Iribar aritu zen esatari lanetan, eta banan-banan txirrindulari guztiak aurkeztu zituen, baita lantalde osoa ere.
Eskualdeko txirrindulariak
Taldea denboraldi bikaina osatzen ari da, hainbat garaipenekin; herenegun, esaterako, Iparragirrek Gipuzkoa Saria irabazi zuen, sailkapen nagusiko lehen postuan bukatu ondoren. «Sasoi onean nago. Indartsu ekin diot denboraldiari, pistan eta errepidean ongi aritzeko». Txirrindulari azpeitiarra Bidelan taldeak lagata dabil Jira Bira Track-en. «Jada 23 urte ditut, eta, etorkizunari begira, ez dakit profesionaletara jauzi egiteko aukera izango dudan errepidean. Ni ahalik eta erregularren izaten saiatu naiz urte hauetan. Pistako txirrindularitzan ere profesional izan zaitzeke, noski, baina aurrera jarraitzeko bekak jaso behar dituzu, eta zaila da. Oraingoz, bi modalitateak jorratzen saiatuko naiz».
Arangurenek talde lana egiten du batik bat, baina «aukerak aprobetxatzen jakin» du, eta joan den astean lehen garaipena lortu zuen. Gipuzkoa Sariko sailkapenean bosgarren postuan bukatu du, gainera.
Iparragirrerekin eta Arangurenekin ez ezik, Jira Bira Track taldea eskualdeko gaztetxoekin ere lanean ari da; besteak beste, pistako txirrindularitza erakusten, teknika irakasten, eta, era berean, laguntza mekanikoa eskaintzen. Harrobia jubenil eta kadete mailako honako txirrindulariek osatzen dute: Zarauzko Xabier Gorrotxategi, Alberto Agirre, Jokin Aranburu eta Aratz Olaizola; Zumaiako Aitor Olaziregi, Gorka Etxabe eta Haritz Eizagirre; eta Azpeitiko Asier Iparragirre.
Esku-hartze handia
Ismael Etxarri zuzendariak taldekideen «esku-hartze amaigabea» nabarmendu zuen: «Anbizio handia dute, eta hala erakusten dute proba guztietan. Ikusi besterik ez dago asturiarrak eta kataluniarrek astero-astero hona etortzeko egiten duten ahalegina». Ondorioz, kanpo txirrindulariek Zarautzen hartzen dute ostatu, taldeko babesle den Zarautz hotelean. Etxarrik, era berean, denboraldiko egitarauaren berri eman zuen; Espainiako txapelketan txirrindulariek dituzten lorpenak berretsi nahi dituzte.
Pistako txirrindularitzan oraindik egiteko asko zegoela ikusirik, abian jartzea eta proiektu honen alde apustu egitea erabaki zuen Etxarrik: «Denborak arrazoia eman digu, baina oraindik garatzeko asko du. Jakina, materiala eta bidaiak ez dira merkeak, baina ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara aurrerantzean».
Zarauzko Kirol Patronatua ere taldeko babesletako bat da, eta Juan Luis Illarramendi alkatea ere bertan izan zen. «Harro gaude kirol maila handiko talde bat gehiago dugulako Zarautzen. Pena da, ordea, kirol hau lantzeko ezinbestekoa den belodromorik ez izatea herrian. Krisialdi ekonomikoa dela-eta, oraingoz ezin dugu halakorik eraiki. Dena dela, etorkizunean , egoera aldatzen denean, pista bat eraiki ahal izatea espero dugu».
Aurkezpen ekitaldian, gainera, Jira Bira Track elkarteko presidente Jose Manuel Erausok eta Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txirrindularitza federazioetako presidenteek hartu zuten parte.