Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Udalak 29 etxebizitza babestu zozkatuko ditu. Horietatik lau Txanka hondartza eremuan daude, eta Udalak sustatutakoak dira. Gainontzekoak, berriz, Kale Nagusiko 29. zenbakian ari dira egiten. Horiek sustapen pribatukoak dira. Etxebizitzak esleitzeko prozesua zabalik dago dagoeneko, eta eskaerak otsailaren 13ra bitartean aurkez daitezke, udal bulegoetan.
Orioko Udalak oraindik ez du zehaztu etxebizitzen zozketa publikoa noiz egingo den. Udalak behin betiko zerrenda argitaratzean zehaztuko du zozketa eguna eta ordua, Orioko Udaleko teknikari Nerea Urangak adierazi duenez.
Kale Nagusiko 29. zenbakian egiten ari diren etxebizitza babestuak Lurra S.L. enpresak sustatu ditu, eta lanak 2013. urte amaierako amaitzea aurreikusi du udalak. Mota askotako bizilekuak izango dira. Logela bateko bi etxebizitza egingo dituzte, eta 144.580,60 euro eta 165.691,64 euro balioko dute. Bi logelatako 22 etxebizitzen artean, bat elbarrituentzako izango da. Horiek guztiak 203.265,06 euro eta 278.908,87 euro bitarteko kostua izango dute. Azkenik, hiru logelako etxebizitza 286.942,44 eurotan salduko dute.
Hondartzako udal etxebizitza tasatuak, berriz, 2007an esleitu zituen Udalak. Hala ere, horietatik lau etxebizitza esleitu gabe geratu ziren. Beraz, sustapen pribatukoekin batera etxebizitza horiek berriro zozketa publikora ateratzea erabaki du Udalak. Hala, logela bateko etxebizitza bat esleituko dute. Hau 179.892, 91 euro kostako da. Bi logelako bi etxebizitzek, berriz, 192.743, 47 euro eta 195.595,18 euroko prezioa dute. Beste etxebizitza hiru logelatakoa da, eta 237.260,50 euroko kostua du.
Sustapen pribatuko etxebizitzei dagokienean, prezio osoaren %10 salerosketa kontratua sinatzerakoan ordaindu beharko da. Kontratu hori zozketa egin eta gehienez hiru hilabetera sinatuko dute. Beste %10 kontratua sinatu eta gehienez sei hilabeteko epean ordaindu beharko da, eta gainontzekoa eskritura publikoa egin aurretik. Kale Nagusiko etxebizitza tasatuen kasuan, berriz, prezio osoa eskritura publikoa sinatzerakoan ordaindu beharko da.
Baldintza malguagoak
Etxebizitzetarako eskabideak aurkezteko baldintza batzuk moldatu egin ditu Orioko Udalak. Orain ez da beharrezkoa izango herrian erroldatuta egotea. Hala ere, azken hamar urteetan etenik gabe herrian erroldatuta egon direnak edo hamabost urtean etenak izanda erroldatuta egon direnak izango dute zozketan lehentasuna. Baldintza horiek betetzen dituzten herritarrekin zerrenda osatzen ez bada, ordea, eskakizunak betetzen ez dituzten erroldadunek zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Baina eskakizun horiekin ere etxebizitzak esleitu gabe geratzen badira, erroldatu gabekoek izango dute azken aukera.
Hala ere, eskaria eskaintza baino txikiagoa bada, Oriko Udalak deialdia bertan behera uzteko aukera izango du.
Prozesua zabalik
Etxebizitza esleitzeko oinarriak GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira. Otsailaren 13an, eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, udalak guztiak aztertuko ditu hilabeteko epean. Eskaerak baloratutakoan, behin-behineko zerrenda jarriko dute udaletxeko iragarki-taulan, eta herritarrek erreklamazioak aurkezteko aukera izango dute bi astez. Behin epe hori amaitzen denean, udalak behin betiko zerrenda plazaratuko du.
Aurkeztu beharreko agiriak
Eskaerak astelehenetik ostiralera bitartean egin daitezke udal bulegoetan, 08:30etik 14:30era bitartean. Bertan, baldintzak betetzen dituztela erakusteko hainbat dokumentu aurkeztu behar dute interesatuek. Hala nola, familia liburua eta NAN zenbakia, udal errolda agiria, sarrerak dituen pertsonaren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpena, eta pentsioaren edo nominaren fotokopia, edota etxebizitzen kideen zerrenda eta horien sarreren ziurtagiria.