Zarauzko bizilagun bat labanaz zaurituta eraman dute bart Donostiako ospitalera. Gizonaren etxean izan da ezbeharra, eta Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da. Ertzainek emakume bat atxilotu dute, gizonarekin batera etxean zegoena.
Goizaldeko hirurak aldean jaso dute abisua SOS Deiak-ek eta Ertzaintzak. Tokira iristean, gizona bere logelan topatu dute ertzainek, toraxean eta besoetan zauriak zituela.
Agenteek etxea prezintatu dute, ikerketa abiatu eta ebidentziak biltzeko. Ustez erasoan baliatutako labana eraman dute ertzainek.
Gizonezkoarekin batera, emakumezko bat topatu dute ertzainek etxean. Itxuran, biktimaren laguna. Bien artean istiluren bat izan den aztertzen ari da Ertzaintza. Horretarako, atxilotu egin dute emakumea.