
Balentziaga museoak manikiak sortzeko lantegi batekin eman dio hasiera 2012ari. Lau egun iraungo du tailerrak, eta museoko kontserbazio eta zaharberritze sailean egingo dute. Urtarrilaren 17tik 20ra bitartean gauzatuko da. Lantegia honako hauei dago zuzenduta: hainbat esparrutan jantziekin aritzen diren profesionalei (museoetan, saltokietan, eta abar), artistei, Arte Ederretako ikasleei, diseinatzaileei, eta lanean gorputzaren irudikapena landu, zizelkatu, eta abar egiten dutenei.
Berenguère de Ruffinek zuzenduko du ikastaroa. Euskarri museografikoetan aditua da, eta, besteak beste, Madrilgo Trajearen Museoan egiten du lan. Ikastaroan parte hartzen dutenek jantzi bana egingo dute; hala, dagokion silueta historikoa emango diote aurrena, eta pieza erakusteko beharrezkoa den hegal-tipologia prestatu.
Hitzaldi zikloa
Lantegiaren osagarri gisa, artearen eta modaren arloko hainbat adituk hitzaldiak emango dituzte manikia gai hartuta, dela euskarri tekniko gisa, dela irudi eskultoriko gisa. Ostiral arratsaldetan izango dira hitzaldiak, ondoko aditu hauen eskutik: Silvia Ventosa, kontserbatzaile-burua (Museu Tèxtil i d’Indumentària, DHUB, Bartzelona), urtarrilaren 27an; Yolanda Peralta, aldi baterako erakusketetako kontserbatzailea (TEA, Tenerife), otsailaren 3an; Gigi Rigamonti (Milango La Rosa manikiak enpresako presidentea), otsailaren 10ean; eta Igor Uria (Balentziaga museoko zaharberritzailea), otsailaren 17an. Azken horrek, hitzaldi-sortaren ondorioen berri emango du.