Udal gobernua: «Proiektu asko ditugu egiteko, baina baliabide gutxi»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko urtarrilaren 13a

«Asmo eta proiektu asko ditugu egiteko, baina horiek aurrera eramateko udalaren baliabideetako asko murriztuta daudela jabetu gara denbora honetan». Hala adierazi zuen atzo Zarauzko Udal Gobernuak, sei hilabete agintean egin ostean. Udalaren egoera ekonomikoa ez dela «batere erraza» adierazi zuten agerraldian. «Udaletik jaso dugun kudeaketa herentzia ez da batere ona izan. Egoera ekonomiko oso desegokian utzi dute udala». Izan ere, 23 milioi euroko zorra du erakundeak. Horrez gain, «aurrekontuak askogatik gainditu dituzten proiektuak, alferrikako azpiegiturak, proiektu faraonikoak, hainbat administraziotatik kontuak argitzeko eskaerak» oinordetu ditu egungo gobernuak. «Politika eredu ez proportzional baten ondorioz dago udala dagoen moduan», nabarmendu zuen Eider Illarramendi alkateordeak. Erradiografia Hori dela eta, udal gobernuaren «lehen erabakia» egoera ekonomikoa aztertu eta hori osatzeko neurri berriak hartzea izan da. «Auditoria asmo sendo batekin aritu gara lanean, udalaren erradiografia sakon bat egiteko asmoz. Leihoak eta ateak herritarrei irekiko genizkiela esan genuen, eta horretan igaro ditugu hilabete hauek». Egoera ekonomikoa aztertzeaz gain, beste hainbat erabaki hartu du Zarauzko Udal Gobernuak. Batetik, gastu politikoa, politikari liberatuen soldatei dagokiena, %48 murriztu zuen. «Hori izan zen gure lehen erabaki garrantzitsua», gogoratu zuten zinegotziek. Egun, berriz, gastu arrunta murrizteko neurriak aztertzen ari dira. Horretarako, auzoz auzo bilerak egin dituzte herritarrekin, 2012ko aurrekontuen zirriborroa aukeztu, eta [...]

«Asmo eta proiektu asko ditugu egiteko, baina horiek aurrera eramateko udalaren baliabideetako asko murriztuta daudela jabetu gara denbora honetan». Hala adierazi zuen atzo Zarauzko Udal Gobernuak, sei hilabete agintean egin ostean. Udalaren egoera ekonomikoa ez dela «batere erraza» adierazi zuten agerraldian. «Udaletik jaso dugun kudeaketa herentzia ez da batere ona izan. Egoera ekonomiko oso desegokian utzi dute udala». Izan ere, 23 milioi euroko zorra du erakundeak. Horrez gain, «aurrekontuak askogatik gainditu dituzten proiektuak, alferrikako azpiegiturak, proiektu faraonikoak, hainbat administraziotatik kontuak argitzeko eskaerak» oinordetu ditu egungo gobernuak. «Politika eredu ez proportzional baten ondorioz dago udala dagoen moduan», nabarmendu zuen Eider Illarramendi alkateordeak.

Erradiografia
Hori dela eta, udal gobernuaren «lehen erabakia» egoera ekonomikoa aztertu eta hori osatzeko neurri berriak hartzea izan da. «Auditoria asmo sendo batekin aritu gara lanean, udalaren erradiografia sakon bat egiteko asmoz. Leihoak eta ateak herritarrei irekiko genizkiela esan genuen, eta horretan igaro ditugu hilabete hauek». Egoera ekonomikoa aztertzeaz gain, beste hainbat erabaki hartu du Zarauzko Udal Gobernuak. Batetik, gastu politikoa, politikari liberatuen soldatei dagokiena, %48 murriztu zuen. «Hori izan zen gure lehen erabaki garrantzitsua», gogoratu zuten zinegotziek.

Egun, berriz, gastu arrunta murrizteko neurriak aztertzen ari dira. Horretarako, auzoz auzo bilerak egin dituzte herritarrekin, 2012ko aurrekontuen zirriborroa aukeztu, eta auzotarren ekarpenak jasotze aldera. Bilera horietan 523 herritarrek hartu zuten parte. «Orain gainerako alderdiekin zehaztuko ditugu aurrekontuak, eta herritarren aurrean aurkeztuko ditugu berriz, haien ekarpenak egoki jaso ditugula bermatzeko», azaldu zuten. Aurrekontuak otsaileko plenoan eztabaidatuko dituzte.

Bestetik, hondakinen kudeaketari dagokionez, «urrats garrantzitsua» eman du udal gobernuak: «Biohondakina sailkatzeko prozedura indartu dugu, eta, horrenbestez, gaur Zarauzko familietatik %43k sailkatzen dute hondakin organikoa, egunero-egunero». Datuok hobetze aldera, berriz, ekimen berriak abiatuko ditu. «Gure birziklatze tasa beste herri batzuetan lortzen dutenera hurbildu nahi dugu, Usurbil,
Hernani eta Antzuolan bezala, %80tik gora birziklatuz». Horrez gain, Urtetako zabortegiaren auziari konponbidea eman nahi dio, hondakin organikorik gabeko errefusa bideratuz lehenbizi, eta hura behin betiko itxiz, azkenik.

Beste erakundeekin lotura
Foru aldundiarekin ere harremanak estutu ditu, eta, batez ere, hiru alorretan indartu du elkarlana Gipuzkoako erakundearekin. «N-634ari irtenbidea eman nahi diogu A8 autobidea aukera bezala erabilita». Hala, saihesbidearen alternatiba aztertzen ari direla azaldu zuten.
Bestetik, herrirako kultur azpiegitura egokia sortzeko asmoa du. Horretarako, aurrez kulturaren inguruko hausnarketa egin behar dela adierazi zuten. «Egia da azpiegitura kultural baten beharra dugula herrian, baina azpiegitura hori herriko kultur eskaintzaren adar bat izango da; ez dugu politika ekipamendu batera mugatu nahi. Kultura harago dago». Gai horren inguruan Aldundiarekin hainbat bilera egin dute udal ordezkariek, eta emaitzarekin «oso gustura» daude: «Elkarlanerako prestutasuna  erakutsi du».
Bestalde, Urtetako zabortegia ixte aldera, hainbat bilkura egin dute Aldundiko ordezkariekin. «Baina hiru adar nagusi horiek  herriaren beharren ikerketa orokor bati heldu ostean eskatu ditugu. Alegia, enpresa interesak eta pribatuak alboratu, eta herriarenak hobetsiz. Ez gaitezen ibili besteen interesen alde lanean, herritarren nahiak ahaztuta», nabarmendu zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide