Orain arteko zuzendaritza bera izango du Zaharren Babeslekuak

Ane Olaizola 2012ko urtarrilaren 13a

Orioko Zaharren Babeslekuak urteko batzar nagusia egin zuen herenegun. Hasiera batean zuzendaritza batzordea berritu behar bazuten ere, aurrerantzean ere orain arteko kideek osatuko dute. Txomin Iribarrek jarraituko du bi urtez Zaharren Babeslekuko presidente izaten, gehiengo osoz onartu ondoren. Beste lehendakarigairik ez da aurkeztu, eta Iribarrek esan duenez, bertaratu ziren kideek lehendakari izaten jarraitzeko eskatu zioten. Era berean, Juanita Segurolak lehendakariorde izaten segituko du; Jose Manuel Arrillaga idazkaria izango da; Nicasio Uranga kutxazaina izango da, eta Joxe Oliden, Ignacio Iruretagoiena eta Mari Carmen Erkizia batzordekideak izango dira. Batzar nagusira 111 kide agertu ziren; tartean, Beñat Solaberrieta alkatea eta Miriam Uranga ongizate zinegotzia. Batzarrean, Garatzen eskualdeko Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteen Federaziotik irtetea erabaki zuten kideek. Aldeko 99 botorekin eta aurkako zortzirekin onartu zuten proposamena. Beraz, aurrerantzean «Orion egin beharreko lanera mugatuko da elkartea». Hori hala, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, eta Zestoako taldeek osatuko dute federazioa. Herenegun batzarrean izan zirenek hamaiketakoa egingo dute bihar Zaharren Babeslekuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide