Zaragueta Herri Eskolak musika hezkuntza goiztiar ikastaroa jarriko du martxan otsailetik ekainera bitartean; Nerea Goikoetxea (Hernani, 1972) irakasle eta musika terapeutak gidatuko ditu saioak. Goikoetxea Azkoitiko Bizkargi Musika eta Dantza eskolan ere haurrekin aritzen da lanean, musika ardatz hartuta. «Helburua ez da Beethoven txikiak sortzea; musikaren onurak haurraren onerako tresnak izango dira», dio Goikoetxeak.
Ikastaroa 1990ean jaiotako umeei dago zuzenduta; astean ordubetez elkartuko dira, larunbatetan, 10:00etan. Talde bakoitza gehienez ere hamar umek osatuko dute, eta dagoeneko eman daiteke izena, 943-89 40 62 telefonora deituz. Hileko kuota 20 eurokoa izango da; izena emateko epea, berriz, hilaren 20an amaituko da.
Zer lantzen da musika goiztiar ikastaroetan?
Astean ordubeteko eskola izaten da, eta haurrak gurasoekin edo aitona-amonekin joaten dira; beti heldu batekin joan behar dute. Orion, bi urteko haurrei zuzenduta dago ikastaroa, baina bestela adinaren arabera banatzen dira. Musika ikastaroaren ardatza da, eta horren alderdi ludikoa, terapeutikoa eta emozionala lantzen dira. Alde batetik, abestien bitartez umeak kontzeptuak ikasten hastea lortzen dut; norabideak, arropak, janariak, koloreak... Alde terapeutikoari dagokionean, berriz, psikomotrizidadea lantzen da, eta erritmo ariketak egiten dira. Arlo emozionalean sentimenduak eta emozioak ezagutzen dituzte umeek. Haurrei hizkuntza ematen zaie, nola dauden jakin dezaten. Askotan pozik eta triste egotera mugatzen gara, baina emozioekin loturiko hizkuntza oso zabala izan daiteke. Hitza iristen ez den lekura musika heltzen da, eta horrekin alde emozionala ateratzen dute.
Saioak nola banatzen dituzu?
Lehenengo agurtu egiten ditut haurrak, banan-banan. Ordura arte amarekin oso lotuta daude, eta bera unitate bakarra dela ohartarazteko egiten diet agurra, nortasun bat ematearren. Abesti baten bitartez kaixo esaten diet. Eta haiek nor eta nolakoak diren erantzuten dute. Abestiak kantatzen ditugu, gorputzaren mugimenduak lantzeko. Ondoren beroketak egiten ditugu, gorputz atalak bereizten joan daitezen. Psikomotrizitate librea ere egiten dugu, eta egiten duten jolasaren arabera informazioa jasotzen dut. Ume bakoitzak nola eta zerekin jolasten duen ikusten dut, eta horren bitartez haurraren izaeraz ideia bat egiten dut. Horrez gain, taldean dantzak egiten ditugu, eta musika tresnak ere erabiltzen ditugu: danborrak, marakak, kriskitinak... Ipuin kontaketa batekin edo erlaxazio saio batekin amaitzen dugu saioa.
Zer nolako onurak sor ditzatekete saio horiek haurrarengan?
Adin horretako zenbait ume ez da eskolara joaten, ezta haurtzaindegira ere. Azkoitiko guraso askok esan didate adin horretako umeekin taldean egoteko aukera dela ikastaroa. Umeek lagun talde bat osatzen dute, eta gurasoek ere saio ludikoan parte hartzen dute. Hala, gurasoaren eta seme-alabaren artean sortzen den harremana oso berezia da.
Nolako gaitasunak bereganatzen ditu haurrak?
Ikastaroak onura dakarkio umeari, eta gaitasun jakin batzuk garatzen laguntzen dio. Psikomotrizidadea lantzeaz gain, abestien bitartez hitz egitera bultzatzen ditut, eta beldurrak edo lotsak bideratzen saiatzen naiz. Oro har, hizkuntzaren zabalkunde gisa ere uler daiteke ikastaroa. Hitzak kantuen bidez ezagutzen hasten dira, izan ere. Taldean egoten ere ikasten dute. Adin horretan, normalean, bakarrik jolasten dute, baina taldean egonik, errespetu eta itxarotea kontzeptuak ere lantzen dituzte, besteak beste.
Bestetik, norberaren nortasuna garatzen dute; hau da, besteek norberaren nortasuna onartu egiten dute, eta aldi berean norberak besteena ere errespetatu egin behar du. Hori da taldean egotea, eta etorkizunerako garrantzitsua da.
Umeek nola jasotzen dituzte musikaren estimuluak?
Ez dute hitzez adierazten, baina baina zer nahi duten jakinarazten dute, keinuen bidez. Saio batean 17 hilabeteko haurra musikarekin izugarri emozionatu zen, eta lehenengo aldiz txaloak jo zituen. Emozioak adierazteko asotariko moduak dituzte. Musika jasotzen dute haurrek, eta erantzuna beren modura ematen dute.
Beste haur batek, esaterako, garuneko hainbat zati minduta ditu. Gurasoetako batek esan
zidan musika zuzenean entzuten duenean lasaitu egiten dela. Umea psikomotrizitade aldetik mugatuta dago, baina gitarra
jo nionean hankak nire gitarra gainean jarri zituen, bibrazioa sentitzeko. Nik ez diet esaten zer egin, haiek topatzen dute modua.
Zein musika mota jartzen diezu?
Lortu nahi den helburuaren arabera, musika estilo jakin bat jartzen diet. Imanol Urbietaren haur kantak dezente erabiltzen ditut, eta Oskorrirenak ere jartzen dizkiet. Halaber, emozio jakinak sentiarazteko asmoz, neuk asmatzen ditut abesti batzuk, eta oso mezu zehatzak ematen dizkiet. Txiki-txikitatik mezuak eman behar zaizkie, eta oso kontuan hartzen dut hori. Besteak beste, bakoitzak gure gaitasunak ditugula zabaldu nahi diet umeei, eta horretarako abesti bat erabiltzen dut. Desberdina izatea ez dela txarra erakutsi nahi diet.
Nahiz eta hain txikiak izan, autoestimua lantzeko balio al du?
Bai, hori oso garrantzitsua da. Gaitasun jakin batzuekin jaio garela jakin behar dute. Baina beti hobe daitezke gaitasunak, eta horretarako dira saio hauek. Desberdintasun horiek berezi egiten ditu haurrak. Errespetuzko giroa ahalbidetzea da nire egitekoa. Haur batek gaitasun berezi bat duela ikusten badut, indartu egiten dut, eta blokeatzen duen alderdi bat baldin badu, bideratzen saiatzen naiz.
Gurasoek bilakaerarik antzematen al dute umeengan?
Bilakaera orokorra izaten da. Batetik, psikomotrizitatea lantzen den heinean, maldak igotzen
eta jaisten ikasten dute, eta kontzeptuak ulertzen hasten dira. Astetik astera izaten dute bilakaera. Izaera irekia lortzen hasten dira, eta dantza egitea ere asko gustatzen zaie. Emozioak adierazteko gune irekia da ikastaroa. Opari bat ematea bezala da, diren modukoak izaten uzten baitiegu. Bakoitzaren denbora errespetatzen dut, eta ez ditut ezertara behartzen. Giro horretan bakoitza libre izaten lortzen da. Bizitzan, mozten joaten da hori guztia. Beraz, luxua da halako leku bat izatea, eta gurasoek hori eskertzen dute.