Kirol probek tarte berezia izango dute San Sebastian festetan, Elorriaga auzoan

Ane Olaizola 2012ko urt. 12a, 06:00

Oraindik San Sebastian egunerako astebete geratzen bada ere, Zumaiako Elorriaga auzoan bihar bertan hasiko dira festak ospatzen. Sansebastianetan entzun ohi den danbor soinuak trikiti doinuei emango dio txanda auzoan, giro herrikoia izango baita nagusi. Bi asteburutan ospatuko dituzte jaiak Elorriagan, eta txapelketek eta herri bazkariek tarte berezia izango dute lau egunetan. Bihar mus txapelketarekin hasiko dituzte sansebastianak. 22:30ean hasiko da saioa, baina izena ordu erdi lehenagotik eman ahal izango da. Bikote bakoitzak 20 euro ordainduko dute, eta ondoren lau usteletara, lau erregeetara eta lau hamarrekotara jokatuko dituzte. Sariei dagokienez, berriz, txapelketa irabazten duen bikoteak 350 euro eta txapela jasoko ditu.  Bigarren bikoteak, berriz, 200 euro eta txapela irabaziko ditu. Hirugarren eta laugarren postuan geratzen diren bikoteek, berriz, 100 eta 50 euro eskuratuko dituzte, hurrenez hurren. Urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, jarraituko du festak. Ohikoa den moduan, meza nagusiarekin emango diote hasiera egunari, eta ondoren zaldi probak egingo dituzte. Eguerdian, berriz, auzoko jubilatuek bazkaria egingo dute Toki Alai tabernan. Biharamunean, lasterketa Hilaren 21ean, berriz, III. Kros Lasterketa egingo dute auzoan zehar. Izen ematea 16:00etan hasiko da, eta lasterketa ordu erdi geroago hasiko dute. Sari banaketan gizon eta emakume azkarrenari txapela emango diete, eta bigarren postuan geratzen direnek kopa jasoko dute. Urtarrilaren 22an amaituko dira festak. Meza ondoren, bertso saioa izango da Maialen Velarde eta Manu Goioganarekin. Halaber, arratsaldean herri kirolak egingo dituzte auzoko gazteek, eta arratsaldean Orioko Heldu giza-proba taldea Urretxukoaren aurka arituko da. Bi taldeek 900 kiloko harria mugituko dute. -------------------------- Egitaraua: urtarrilak 13, bihar -22:30. Mus txapelketa, Lau-haizeta elkartean. Lau erregetara, lau usteletara eta lau hamarrekotara jokatuko dute. Izena emateko epea 22:00etan hasiko da. urtarrilak 20, ostirala -11:00. Meza. -Ondoren. Zaldi proba. Parte-hartzaileak: Etxetxo, Etxeberri eta Jabier Mancisidor. -Eguerdian. Auzoko jubilatuek bazkaria egingo dute, Toki Alai tabernan. -Arratsaldean. Txokolatada egingo dute, Lau-haizetara elkartean. -Egun guztian zehar. Jagoba Uranga eta Maddalen Arzallus trikitilariak izango dira giroa alaitzen. urtarrilak 21, larunbata -11:00. Ume jokoak. -Ondoren. Gorriti eta bere animaliak. -16:00. III. Kros lasterketa. -Gauean. Izer eta Alabier trikitilariak izango dira Urberu Erretegian. urtarrilak 22, igandea -11:00. Meza. -Ondoren. Sagardo dastaketa eta bertso saioa. Parte-hartzaileak: Maialen Velarde eta Manu Goiogana. -Gero. Auzokoen arteko herri kirolak. -16:30. Orioko giza probako taldea Urretxuko giza-probakoen aurka. -Egun guztian zehar. Jagoba Uranga eta Maddalen Arzalus trikitilariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide