Landare lehorra biraka, isiltasuna nagusi, eta bi hiruko elkarri begira, lehen tiroa nork emango zain. Cowboy gogorrak balira bezala, talde bakoitzak bere alderdi ona, itsusia eta maltzurra aterako du palestrara. Dueluak, ordea, ez du Ennio Morriconeren doinurik izango. Zortzi txikiaren eta handiaren erritmopean jokatuko da, hain zuzen. Bi belaunalditako koadrila banaren arteko bertso erronka antolatu dute, eta bat-bateko norgehiagoka bihar iluntzean egingo dute, Putzuzulon.
Alde batetik, 1987an jaiotako Aitor Urbieta, Ibon Aristi Aristo eta Josu Villanueva Isuo ariko dira. Bestetik, berriz, 1988ko Oier Aranzabal, Oier Aizpurua eta Unai Eskobar Exko. Bi koadrilak aspalditik ezagutzen dute elkar, bertso eskolatik eta hondartzako futbol txapelketatik, eta elkarren aurka bertsotan egitea zintzilik zuten ikasgaia zen. «Guk erdi-broman bota genien erronka. Noiz edo noiz bertsotan egin behar genuela, alegia. Txantxetan hasi zenak izaera serioa hartu du, eta eguna iritsi da», adierazi du Unai Eskobar Exko-k.
Hasieran lagunartean egiteko asmoa zuten, baina, azkenean, herritar orori zabaltzea erabaki zutela dio Josu Villanueva Isuo-k: «Erronka jokatzeko asmoa geneukanez, saioa irekia egin genezakeela pentsatu genuen; izan ere, jende aurrean beti da politagoa. Hala, gaztetxean egitea proposatu genuen, eta bertan ariko gara kantuan».
Bertso erronka partikularra bertso-afari bihurtu dute, bestalde. Beraz, elkarren arteko dema hasi baino lehen, sabela bapo betetzeko aukera izango dute gerturatzen diren bertsozale guztiek. «Saioa egitekotan, onena afari batekin egitea litzatekeela erabaki genuen. Nolabait ere, jende gehiago erakartzeko. Afalostean, gainera, bertsotarako giro ederra sortzen da. Besterik gabe bertsotan hastea gehiago kostatzen da, eta mahai baten inguruan beti da da errazagoa», diote bi bertsolariek. Txartelak 10 eurotan aritu dira saltzen Eguzki edo Arrano tabernetan, eta 150 lagunetara mugatu dute ekitaldia. Digestioa ongi egiteko eta bertsoez behar bezala gozatzeko, «kafea, pattarra eta fariasa» ez dira faltako.
Afaria 21:00etan hasiko da, eta bertso saioari 22:30ean edo 23:00etan ekingo diote. Era berean, afarian parte hartu ez arren, bertso saiora edonor ager daitekela jakinarazi dute. Eta azaldu ezin dutenek Arraio Irratian entzun ahal izango dute zuzen-zuzenean, FMko 99.3an edo Internet bidez.
Beldurrik ez, errespetua
Aurretik ez dutela inolako prestaketarik edo entrenamendurik egin onartu dute. Afaldu aurretik, orduan, «beroketa» egin beharko dute. «Ni, azkenaldian, gutxi aritu naiz bertsotan. Denbora dezente izango da bertso eskolara azaldu ez naizela. Beldurrik ez dut, baina errespetu pixka bat ematen dit horrenbeste jenderen aurrean aritzeak», aitortu du Exkok.
Isuok, berriz, zera dio: «Beharbada, Exko eta biok gara gutxien jarduten dugunak. Gure aldean, beste lau kideak gehiago dira bertsolariak». Alde horretatik, urduriago daude; izan ere, lehen bertso saio «ofiziala» du batak zein besteak. «Aranzabal, Aizpurua eta Urbieta, esaterako, G Puntuan aritu dira. Haiek eskarmentu handiagoa dute. Guk, aldiz, Bertso Asteko Txepelketa txapelketan baino ez dugu parte hartu», aditzera eman du Exko-k.
Bi bandoen artean ordena jartzeko sheriff baten beharra izaten da. Hodei Iruretagoienak bideratuko du saioa, eta bertsolariei ariketak jarriko dizkie. Ohorea jokoan, nork erabakiko du zein izango den garaile? «Publikoak txalo gehien egiten dion taldea izango da gustagarriena», dio Exko-k. Dena dela, oraindik ez dutela ezer zehaztu nabarmendu du Isuo-k. Bietako nork irabazten duen «gutxienekoa» izango da, eta segur aski erronkak ez du garailerik izango, ezta galtzailerik ere. «Helburua tarte atsegin bat pasatzea da, elkar zirikatuz eta barre eginez».
