Getariako Musika Bandak azken 100 urteetako lana bildu du liburu batean

Ane Olaizola 2012ko urtarrilaren 10a

Getariako Musika Bandak atzoko eta gaurko kontuak bildu ditu 100 urteko doinu hotsak liburuan. Pasa zen larunbatean aurkeztu zuten lana, bandaren mendeurrenaren harira. Getariako Musika Bandako kideek eta Idoia Arrieta historialariarekin elkarlanean idatzi dute liburua, eta artxiboko edukiekin, argazkiekin eta elkarrizketekin osatu dute. «Herritarrek herritarrentzako egin dute liburua», dio Getariako bizilagunak. «Iñaki Olaizola eta Eñaut Bernal Getariako bandako kideek ere oinarrizko informazioa eskaini dute, eta iturriak osatu dituzte, beti ere herritarrengan pentsatuta». Hainbat atal du liburuak. Besteak beste, bandaren ibilbidea, zuzendariak, musika tresnak, musikariak eta horien «izaera» eta egin dituzten ekitaldiak bildu dituzte. Horrez gain, egungo erronkak eta «banda entzuteko moduak» ere jorratu dituzte. Hala ere, egitura ez du «tradizionala», eta ez dituzte «ohiko formak» erabili: «Liburua ez da astuna. Bestelako kutsu bat eman nahi izan diogu. Bandan parte hartzen duten guztiak omentzea zen helburua», dio historialariak. Horretarako, bandako «lekukoei berebiziko garrantzia» eman diete, eta haiei egindako elkarrizketa osoak sartu dituzte, beti ere herritarrek «erraz irakur dezaten». Horrez gain, dozenaka argazki zahar eta berri ere aukeratu dituzte, eta duela 100 urte onartutako bandaren aktak ere jaso dituzte, besteak beste. Arrietak adierazi duenez, ez da lan bibliografikoa, eta bandako artxibozain David Olaskoagaren  «laguntza handia» izan dute liburua osatzerako orduan. Izan ere, [...]

Liburuaren aurkezpena

Getariako Musika Bandako kideak eta Idoia Arrieta, larunbateko aurkezpenean

Getariako Musika Bandak atzoko eta gaurko kontuak bildu ditu 100 urteko doinu hotsak liburuan. Pasa zen larunbatean aurkeztu zuten lana, bandaren mendeurrenaren harira. Getariako Musika Bandako kideek eta Idoia Arrieta historialariarekin elkarlanean idatzi dute liburua, eta artxiboko edukiekin, argazkiekin eta elkarrizketekin osatu dute. «Herritarrek herritarrentzako egin dute liburua», dio Getariako bizilagunak. «Iñaki Olaizola eta Eñaut Bernal Getariako bandako kideek ere oinarrizko informazioa eskaini dute, eta iturriak osatu dituzte, beti ere herritarrengan pentsatuta».

Hainbat atal du liburuak. Besteak beste, bandaren ibilbidea, zuzendariak, musika tresnak, musikariak eta horien «izaera» eta egin dituzten ekitaldiak bildu dituzte. Horrez gain, egungo erronkak eta «banda entzuteko moduak» ere jorratu dituzte.

Hala ere, egitura ez du «tradizionala», eta ez dituzte «ohiko formak» erabili: «Liburua ez da astuna. Bestelako kutsu bat eman nahi izan diogu. Bandan parte hartzen duten guztiak omentzea zen helburua», dio historialariak. Horretarako, bandako «lekukoei berebiziko garrantzia» eman diete, eta haiei egindako elkarrizketa osoak sartu dituzte, beti ere herritarrek «erraz irakur dezaten». Horrez gain, dozenaka argazki zahar eta berri ere aukeratu dituzte, eta duela 100 urte onartutako bandaren aktak ere jaso dituzte, besteak beste.

Arrietak adierazi duenez, ez da lan bibliografikoa, eta bandako artxibozain David Olaskoagaren  «laguntza handia» izan dute liburua osatzerako orduan. Izan ere, datuak Getariako Udaleko eta bandako artxiboetatik hartu dituzte.

Musikarekiko «bokazioa»
Bandak herrian izan duen eta duen garrantzia ulertarazi nahi dute liburuarekin. «Urtez urte oztopoak eta mugak gainditzen joan den taldea izan da». Hori da Arrietari deigarria egin zaiona: «Musika ez da berez sortzen; baldintza batzuk behar dira. Getariako banda, ordea, ez da profesionala, kide guztiek musikaren inguruko ezagutzak baldin badituzte ere. Horrez gain, talde txikia da, eta txiki izateagatik hainbat oztopori egin behar izan diote aurre. Berezko bokazioa dute taldekideek, eta ilusioari esker egin dute aurrera. Hori da euren indargune nagusia».

Hori hala izanik, lan honen bidez musika banda «baloratzen eta entzuten» ikasi duela jakinarazi du Arrietak. Esperientzia «aberasgarria eta interesgarria» izan da, historialariaren hitzetan. Baina «erronka handia» ere izan dela aitortu du: «Talde-lana izan da, eta askotariko estilo, pentsaera eta izaerak uztartzeak zailtasunak ditu».

Iragana, geroa
Duela 100 urtetik gaur egunera arteko errepaso zabala egin dute bandako kideek eta Arrietak, baina etorkizunari ere begirada berezia eskaini diete. «Aurreko belaunaldiaren erronkak kontuan izan behar ditugu etorkizuna aztertzerakoan», idatzi dute liburuan. Bandak herrian eskaintzen duten «zerbitzua» nabarmendu dute egileek, baita artearen ikuspegitik duen garrantzia ere. Udalen laguntza bermatzeaz gain, herritarrengana ere jo nahi dute. «Denon lana da, Getariako banda haizerik eta arnasik gabe geratu, eta mututu ez dadin», diote.

Liburua salgai herrian
Getariako Musika Banda sortu zenetik, zuzendari ugari izan ditu taldeak. Egun, 2006tik, Aitor Uriak gidatzen ditu banda osatzen duten 27 musikariak.
Musika taldeak ekitaldi ugari antolatu ditu azken urtean, ehungarren urteurrena ospatzeko. Liburua idazten ere pasa den urtean hasi ziren. «Gustura» dira egin duten lanarekin. «Polita eta irakurterraza» izateaz gain, «maitasunez» egin dutela aitortu dute. Dagoeneko eros daiteke liburua, Getariako Mahasti eta Taxco tabernetan, eta Harritarte dendan, hiru euroren truke.

Baina liburua ez da mendeurrenaren aitzakian egingo duten azken ekimena. Izan ere, kideek adierazi dutenez, bandaren diskoa ere kaleratuko dute datozen hilabeteetan, «banda premia berrietara egokitzeko, eta proiektu berriak bideratzeko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide