Igor Iturainek ordezkatuko du Arantza Tapia Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Urola Kostako Hitza 2012ko urtarrilaren 10a

Igor Iturain Aiako alkateak (EAJ) Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide kargua hartu du. Jeltzaleak Arantza Tapia zumaiarra ordezkatuko du aurrerantzean. Izan ere, Espainiako hauteskunde orokorrak eta gero, Espainiako Kongresuko kide da zumaiarra. Pasa den hilean hartu zuen Batzar Nagusietako kargua Iturainek, eta aurrerantzean bi batzordetako ordezkaria izango da. Batetik, Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Batzordeko batzarkidea izango da, eta bestetik, Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Batzordean ere ordezkaritza izango du. Halaber, erakundeak egingo dituen osoko bilkuretan ere izango da aiarra. Lehentasuna, alkatetzak Pasa zen maiatzean udal eta foru hauteskundeak egin zirenean, Iturain EAJ alderdiko laugarren hautagaia zen Gipuzkoako Batzar Nagusietarako Deba Urola bailara ordezkatzeko. Hauteskundeen emaitzen ondorioz, EAJko hiru hautetsik hartu zuten kargua bailara horren barruan; tartean, Tapiak. Beraz, zumaiarraren leku aldatzearen eraginez laugarren hautetsiak hartu du Batzar Nagusietan kargua orain. Iturainek adierazi duenez, hilabete honetan hasiko da batzordeekin biltzen. Hala, aiarrak alkatetzarekin uztartuko du kargu berria, baina lehentasuna alkatetzak izango duela azpimarratu du: «Bi karguak bateragarriak diren edo ez orain ikusiko dut; ezin baditut uztartu, edo alkatetza albo batera uzten badut, aukera garbia izango da», esan du Iturainek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide