‘Motxo’-ren eskifaiaren "profesionaltasuna" defendatu dute

Urola Kostako Hitza 2012ko urtarrilaren 10a

Motxo arratzontziko armadoreek eskifaiaren «profesionaltasuna eta eskarmentua» defendatu dute. Duela urtebete pasatxo Zumaia eta Deba arteko kostan hondoa jo zuen. Pasa den astean, Espainiako Sustapen Ministerioak ezbeharraren inguruko txostena kaleratu zuen. Idatziaren arabera, arrantzontzi bizkaitarrak  patroiak «modu eraginkorrean zaindu ez zuelako» jo zuen hondoa, «seguruenik». Jakinarazi dutenez, patroiak hamabi ordu inguru zeramatzan zaintza lanetan, eta «ziurrenik nekatuta, aspertuta, edota arretarik jarri gabe» zegoen. Horren aurrean, Motxo-ren jabeetariko baten emazte eta Euskadiko Saregileen Elkarteko kide Josune Renteriak tripulazioa «zaildua» zegoela nabarmendu du. «Ehuneko ehunean eskarmentuduna». Patroiak «eremua ongi ezagutzen» zuela gogoratu du Renteriak, eta «segurtasun horren ondorioz hanka sartu» zezakeela. «Zubitik ezer egin gabe» Arratzontzia flysch-era olatu batek bultzatu zuela uste zuten hasiera batean. Sustapen Ministerioaren txostenaren arabera, ordea, istripua ez zen marearen indarragatik gertatu: Motxo denbora askoan itsasertzearekiko paraleloan joan zen, baina pixkanaka lurrera gerturatzen hasi zen, «zubitik ezer egin gabe». Txostenaren arabera, patroia ez zen jabetu ontziaren posizioaz, istripua gertatu baino minutu batzuk lehenagora arte. Hala ere, olatu gogorrek patroiari ontzia biraraztea eragotzi ziotela jasotzen du idatziak. Bestalde, bere garaian esan zutenaren kontra, Motxo-ren eskifaia ez zebilela arrantzan ondorioztatu dute txostenean. «Berri pozgarria» da Renteriarentzat: «Jakin gabe hitz egiteak min handia eragiten du. Izan ere, arrantza ilegala egitea da aseguru-etxeentzat ardurarik ez hartzeko aitzakia ezinhobea».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide