Gustav-eko Koadernoak aldizkari digitalak lan berria kaleratu du, oraingoan paperezko euskarrian. 1638ko Hondarribiko Setio Handia du izena, eta herri horretako udalaren laguntzarekin plazaratu dute. Salgai dago dagoeneko, Zarauzko ohiko liburu dendetan (Garoan eta Urkian) eta baita Hondarribiko eta Irungo liburu dendetan ere. Sanz Enea liburutegian ere aurki daitezke kaleratu berri duten lanaren zenbait ale.
Liburuak setioaren 370. urteurrenean—2008an, alegia—Hondarribiko Udalak antolatutako jardunaldi batzuetako hitzaldiak biltzen dituela jakinarazi dute aldizkari digitalaren sortzaileetako bik; Xabier Alberdi eta Xabier Etxeberria zarauztarrek: «Hainbat historialarik setio famatu bezain ezezagunari buruzko hitzaldi bana eman zuen. Gertakariaren jatorriaren, eraginaren eta ondorioen inguruan mintzatu ziren aditu horiek, eta gerora, irakurritako testuak udalari eman zizkioten, argitaratze aldera». Hondarribiko Udalak lanok argitaratzeko nahikoa baliabide ez zuen, ordea. Gustav-eko Koadernoak elkarlanerako prest agertu zen, orduan. Eta hala kaleratu dute bost egilek sortutako sei testu jasotzen dituen liburua. Hitzaldi horietan jasotakoa aldizkari digitalean monografiko moduan zintzilikatu zuten duela bi urte inguru. Egun, liburu formatuan irakur daitezke testuok.
Bost aditu, sei testu
Historian doktore diren Alvaro Aragonek, Cesar Fernandezek, Juan Ramon Guevarak, Carlos Rilovak eta Iñaki Garridok egindako aurkezpenak biltzen ditu 1638ko Hondarribiko Setio Handiak. Aragonek Vervins-etik Pirineoetako Bakea arte: balidoen aroa Espainian eta Frantzian izenburupean, garai hartako Europako egoera politikoaren testuingurua azaldu du. Fernandez, berriz, Hondarribiko gotorlekuaren nondik norakoez eta horrek setioan izan zuen paperaz aritu zen duela hiru urteko hitzaldian—Hondarribiko gotorlekuak 1638ko setioan (gaztelaniaz)—. Hori da, besteak beste, liburuan jaso dutena. Gotorleku arloan aditua da Fernandez, eta Hondarribiko gotorlekuaren inguruan egin zuen doktoretza-tesia, hain zuzen ere.
Guevara Hondarribiko liburuzaina da, itsas historialaria izateaz gain. Ildo horretatik, herri horretako kortsarioen gaia asko landu du adituak, eta hori izan zen, besteak beste, udalak antolatutako hitzaldi zikloan landu zuen gaia. Hondarribi 1638: itsas blokeoa (gaztelaniaz) izenburua du haren lanak.
Garridok, Setioa, gertakizunaren kazetaritza kontakizun baten datuak (gaztelaniaz) testuan, setioaren alderdi genealogikoa landu zuen. Familien jatorrien, deituren eta era horretako auzien inguruan urte luzez egindako ikerketa lanen ondorioz aurkitutako testu ezezagunez aritu zen duela hiru urteko jardunaldietan.
Rilovak, azkenik, bi gai landu zituen: XVII. mendeko egun normal bat (gaztelaniaz) eta Setio Handia. Iraupen luzeko ondorioak (gaztelaniaz). Lehenbizikoan garai hartako egunerokotasuna deskribatzen zuen Rilovak, eta gertakari militarrek herritarrengan izan zuten eragina azaldu. Bigarren testuan, aldiz, setioaren ondorioetan zentratu zen, Hondarribin bertan zein orokorrean izandako eraginez.
Lau artikulu berri
Liburua kaleratzeaz gain, lau artikulu berri zintzilikatu dituzte Gustav-eko Koadernoak Zarautzen sortutako pentsamenduaren inguruko aldizkari digitalean: Done Jakue bidea Gipuzkoako lurretatik (Emilio Xabier Dueñas), Dagoeneko zaharra den lagun bati (Xabier Egaña), Manu… bilaketaren amaieran (Xabier Egaña) eta Arantzazuko amaren jaia Zarautzen: Edo festa eredu erlijioso baten etengabeko adaptazio eredua (Xabier Etxabe). Azkena izan ezik gaztelaniaz daude.
@Liburuan jasotako testuak eta Gustav-eko Koadernoak-en zintzilikatutako artikuluak irakurri nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.gustav-koadernoak.com
