Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatzen duen Azpeititik Xoxotera bitarteko IV. Zuzenien mendi lasterketa bertikalean izena emateko epea zabaldu dute. Urte berriaren lehen egunetik, izena www.kirolprobak.com webgunean eman daiteke. Aurten, gainera, urte sasoiz aldatu dute mendi probaren: aurreko urteetan bezala uztailean izan beharrean, neguan izango da, martxoaren 4an, hain zuzen ere.
Data berria izango du IV. Zuzenien probak, baina ibilbidea aurreko urteetakoa du. Azpeitiko Ezkerretegi baserri aurretik irten eta 2.800 metroko ibilbidea egin eta Xoxoteko San Inazioren irudiraino igo beharko dute parte-hartzaileek. Martxoaren hasieran izanda, probaren egunean elurra egitea ere egokitu daiteke. Uztaila inguruan antzeko proba ugari pilatzen delako erabaki dute lasterketa urtearen lehen hiruhilekora ekartzea. Goizean izango da; 10:00etan lehen parte-hartzaileak irtenda.
Zuzenien proban parte-hartzaileen kopuruak muga du, hau da, 250 lagun baino gehiagok ezingo dute parte hartu. Dagoeneko jendea hasi da bertan izena ematen. Martxoaren 1eko arratsaldean itxiko dute izena emateko aukera, www.kirolprobak.com webgunean. Mendian federatuta daudenek 15 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko eta, federatu gabekoek, berriz, 20 euro.
Lehen lau sailkatuentzako sariak egongo dira: irabazlearentzako 300 euro; 2.arentzat, 200 euro; 3.arentzat 100 euro; eta, 4. sailkatutakoarentzat, 50 euro. Lasterketako marka hausten duenak ere saria jasoko du, 150 eurokoa. Zuzenien proban gizonezkoetan Aitor Osak du denbora onena eginda, 26:41. Emakumezkoetan, berriz, Ana Condek, 33:48.
Zuzenien lasterketa Euskal Herriko Lasterketa Bertikalen Zirkuituaren barruko probetako bat da.