Trakatan-trakatan...

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko urtarrilaren 6a

Hogeita hamar urte inguru daramatza Zumaiako Txepetxa elkarteak Gabonetako ekitaldiak antolatzen, erregeen desfilea, kasu. Kongolagun elkartea izan zen hastapenetako desfileak antolatu zituena, 1980eko hamarkada inguruan. Garai hartan bostpasei laguneko koadrilatxo bat arduratzen zen lan horretaz. Gerora, Txepetxakoek hartu zuten haren lekukoa, eta 1928an prestatu zuten estreinakoz errege magoen etorrera, Tomas Aizpuru elkarteko lehendakari zela. «100 bat lagun bildu ginen elkarlanean desfilea antolatu eta horrek dakarren prestaketa guztia egiteko», azaldu du Aizpuruk. Urte luzeak eman ditu orduko lehendakariak ekitaldia antolatzen, eta urteek aurrera egin ahala, belaunaldi berriei pasatu die lekukoa, ardura alde batera utzi gabe, beti ere. «Finean, desfilea antolatzea ohitura bihurtu da, tradizioa, belaunaldiz belaunaldi mantentzen dena», azaldu du Txepetxa elkarteko kide Anjel Paredesek. Lan gogorra izan arren, «ongi pasatzen» dutela nabarmendu du: «Oso dibertigarria da. Egiteko asko izaten dugun arren, gustura jarduten dugu lanean. Ez dugu irabazi asmorik». Bi hilabetez lanean Paredesen arabera, bi hilabete daramatzate erregeen desfilea prestatzen. Izan ere, asko dago egiteko: karrozak diseinatu eta atondu; aurreko urteetako materiala gainbegiratu eta konpondu, beharrezkoa bada eta erregeen desfilean parte hartuko duten askotariko pertsonaien arropak prestatu, besteak beste. Karrozen kasuan, gehienak berritu egin behar izaten direla azaldu du Txepetxako kideak: «Udalak utzitako lokal batean gordetzen ditugu karroza guztiak. Horiek aztertu ostean, zer falta zaien edota zer konpondu behar den ikusi behar da. Gerora, diseinu berriak egiten ditugu; izan ere, urtez urte karrozen itxura aldatzea dugu helburua». Duela hamarkada batzuk, ordea, «askoz errazagoa» zela dio: «Hasierako urteetan zaldi gainean iristen ziren errege magoak. Askoz errazagoa zen, ez baitziren karrozak apaindu behar. Errazagoa bai, baina baita arriskutsuagoa ere. Izan ere, zaldiek jende artean ibili behar zuten eta haur asko zeudenez, ezbeharrak gerta zitezkeen. Horregatik, karrozekin jarraitzea erabaki genuen». Itsasoz Horrez gain, itsasontzia ere apaindu behar izaten dute. Urola Kostako gainontzeko beste herrietan ez bezala, Zumaiako errege magoak itsasontziz iristen dira Ekitaldetik kirol portura, gerora karrozetara igo eta ohiko ibilbidea egiteko. Lau urte dira Santi Osa zumaiarraren belaontzi zaharberrituaz baliatzen direla horretarako. «Hura, karrozen moduan, apaindu beharra dago. Koloretako argiz osatutako hodiak jartzen dizkiogu bela handiari, iluntzean disdira egin dezan», azaldu du. Erregeen desfileko protagonistei dagokionez, boluntario faltarik ez dute izaten: «Lehen parte-hartzaileak aurkitu egin behar izaten genituen; normalean, elkarteko kideok osatzen genuen pertsonaien zerrenda. Egun, beste modu batera topatzen ditugu parte-hartzaileak». Izan ere, herriko eskoletara jotzen dute: «Ikasleei eskaintzen diegu erregeen desfilean irtetzeko aukera, diru kopuru jakin baten truke. Haiei ongi etortzen zaie ikasketa bidaia ordaintzeko eta. Guretzat ere askoz errazagoa da hala, ez baitugu desfilean parte hartzeko prest dagoen jendea aurkitzeaz arduratu beharrik». Eguneko prestaketak Urtarrilaren 5a iristerako ia guztia prest izaten badute ere, egunean bertan ere hainbat kontu prestatu behar izaten dute. Hala, karrozei azken begirada botatzen diete, dena bere lekuan dagoela ziurtatzeko. Gerora, 14:30ak aldera, erregeak janzten eta makillatzen dituzte, desfilea hasi aurretik San Juan egoitza eta Eguneko Zentroa bisitatzen baitituzte, besteak beste. Erregeek bisita sorta egiten duten bitartean, gainontzeko pertsonaia guztiak Ludotekan elkartzen dira, azken orduko ukituak emateko eta mozorrotzeko. Dena prest dagoenean hasten dute desfilea: «Garrantzitsuena ibilbidearekin hastea da. Behin martxa hartuta, bere kabuz irtetzen da guztia».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide