Dozenaka haurrek bere egin zuten atzo goizean herriko plaza; taldetxoetan banatuta, bizikleta estatikoetan pedalkadaka aritu ziren, guztiak ere gora begira; ez zen ordea, txapelketa bat, eta ez zuten zerura begiratzen: sortzen zuten energiaren bidez, goian zituzten bi zuhaitzetako apaingarriak argiztatzen zituzten. Gabonetan zehar, hiru egunetan argiztatu dituzte zuhaitzak, horretarako jarri dituzten sei bizikleten bidez. Ekimenak kuriositatea piztu du herritarren artean, eta Udalak jakinarazi duenez, egun horietan zehar ume dezentek hartu du parte saioetan.
Izan ere, Udalak neurri bereziak hartu ditu aurten, «kontsumo arduratsua» bultzatzeko eta «ingurumenaren gaineko eragina gutxitzeko» asmoz. Horretarako, Obra eta Zerbitzuetako Batzordeak 2011ko udal aurrekontuetan aurreikusita zegoen dirua erabili duela jakinarazi du Udalak; beraz, orain arte Txanka hondartzako biribilgunean apaingarriak jartzen zituzten Gabonetan, eta aurten ez jartzea erabaki dute; horren ordez, «aurreztutako diruarekin» apaingarri bereziak jarri dituzte.
«Gabonetako argiak eta apaingarriak jartzea egokia da, batez ere herriko merkatarientzat, herritarrak erakartzen dituztelako horiek. Baina garapen jasangarriaren ikuspegitik aurten saiatu gara energia gastua murrizten», adierazi du Orioko alkate Beñat Solaberrietak.
Bizikletekin energia sortzeak helburu sinbolikoa du oro har, jendea kontzientziatzea nahi baitu Orioko Udalak; izan ere, alkatearen esanetan, Gabonak iristen direnean herritarrek «argiak piztuta ikusten dituzte, baina benetan ez dira ohartzen zenbateko kostua duten horiek»; beraz, argi energiak duen kostuaz jabetzeko antolatu dute aurten lehenengo aldiz ekimena.
Bizikletekin energia sortzeaz gain, plazan eta kultur etxean ez-ohiko apaingarriak egon dira ikusgai herriko plazan; izan ere, Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako ikasleek eskuz egindako apaingarriak jarri dituzte birziklatutako materialekin, Agenda 21 programaren barruan; hala nola, plazako aterpean paper koloretsuekin nahiz cd-ekin osatutako zintzilikarioak jarri dituzte.
Jarraitzeko asmoa
Argiztapen modu honen bidez, Udalak energian aurrezten ari dela jakinarazi du Solaberrietak; beraz, energia jasangarriaren aldeko apustuarekin jarraitzeko, hurrengo urteetan ere halako ekimenak egiteko asmoa dutela jakinarazi du alkateak.