Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urtero legez, Zumaiako Bertso Eskolak Gabonetako Bertso Astea antolatu du, eta bihar izango dute azken jardunaldia. Ohi bezala, neguko gau hotza bertso giroan berotzeko asmoz, Bertso Afaria antolatu dute. Aurten bi bertsolari «zirikatzaile» gonbidatu dituzte: Iker Zubeldia eta Anjel Mari Peñagarikano. «Gaua graziosoa izatea da helburua, beste erritmo bat ematea, gatz pixka bat jartzea, alegia», nabarmendu du bertso eskolako kide Markel Peñalbak. Iaz Amets Arzallus eta Jon Maia gonbidatu zituzten eta emaitza bikaina izan zuen ekitaldiak: «Oso giro polita sortu zuten». Aurten ere, bide beretik jarraitze aldera, bertsolari «txistezaleak» aukeratu dituzte, beraz.
21:30ean hasiko dute afaria, Beheko Plaza jatetxean: «Aurten beranduxeago hasiko gara, Bilboko manifestaziotik datorren jendeak bertan parte hartzeko aukera izan dezan». Interesa dutenek Turismo Bulegoan, Inpernupe tabernan edota jatetxean bertan eskuratu ditzakete txartelak, hogei euroren truke.
Nahi nuke...
Bertso afariaz gain, Bota bertso bat lehiaketa ere antolatu du Zumaiako Bertso Eskolak. Nahi nuke da aurten parte-hartzaileek landu behar duten gaia. Peñalbaren arabera, guztira 200 bat bertso jaso dituzte. «Askotariko gaiak landu dituzte parte-hartzaileek: batzuk ‘lana nahi nuke’ diote, besteek ‘presoak etxeratzea nahi nuke’...», adierazi du. Parte-hartzea bermatze aldera, lehiaketak formatu informala duela azaldu du, «parranda giroa sortze asmoz».
Ildo horretatik, askok «lan barregarriak edota ez hain serioak» aurkeztu dituzte. «Aurkeztutako 200 bertsoetatik 40-50 bat bertso dira kalitatezkoak», nabarmendu du Peñalbak, hasierako sailkapena egin ostean. Gerora, Jon Maia eta Josu Garate bertsolariek sakon aztertuko dituzte aurkeztutako lanak, eta horiek izango dira, hain zuzen, bertso irabazlea nor den erabakiko dutenak.
Irabazleak Zumaiako Talaipe jatetxean bi lagunentzako afaria eskuratuko du, eta aurkeztutako lan guztiekin liburuxka kaleratuko dute.
Giro aparta jaialdian
Pasa den abenduaren 30ean ekin zioten Gabonetako Bertso Asteari, Bertso Jaialdiarekin. «Sona handia ez duten bertsolariei eskenatokira igotzeko aukera ematea da ekitaldiaren helburua», nabarmendu du bertso eskolako kideak. Hori dela eta, «saioa nahikoa hotza» izan ohi dela azaldu du: «40 bat lagun elkartzen gara normalean, Aita Mari aretoa handi geratzen da gehienetan».
Hala ere, Peñalbaren arabera, saioa «aparta» izan zen: «Barre asko egin genuen, baina gai serioak ere landu zituzten. Primeran atera zen, iaz bezala».