Etzi hasiko dute Promozioko edo Bigarren Mailako Binakako Txapelketa. Jokin Argotek (Meaga, 1982), ordea, astelehenean jokatuko du lehen partida, Iker Tainta gaztea lagun duela. Tolosako Beotibar pilotalekuan izango da norgehiagoka, 16:30etik aurrera, Lemuno-Aretxabaletaren aurka. Guztira, zortzi bikote lehiatuko dira txapelketan, eta apirilaren 28an izango da finala.
Bikotekide berria duzu aurten. Ezagutzen al duzue elkar?
Bai, harekin jokatzeko aukera izan dut aurtengo denboraldian. Aurten egin du debuta, 18 urterekin. Oraindik ofizioa ikasten ari da, baina xehetasun oso politak ikusten zaizkio. Esaterako, kolpekada handia du, baita tantoa bukatzeko erraztasuna ere. Alde horretatik, gustura nago enpresak harekin parekatu nauelako. Mutil jatorra da, eta nik uste dut ongi ulertzen dugula elkar kantxa barruan. Horrek bikote egonkor bat osatzeko eragin zuzena du.
Txapelketan zortzi bikote ariko zarete lehian. Faborito nagusien artean al zaudete?
Ez, bikote faborito nabarmen bat dago: Mikel Urrutikoetxeak eta Iñaki Izak osatutakoa, alegia. Txapelketako parte-hartzaile guztiok ados gaude horretan, gainera. Lehen mailan pronostikoak Martinez de Irujo-Barriola edo Olaizola-Beroiz bikoteen alde badaude, bigarren mailan aipatutakoak dira. Une oso onean dago bata zein bestea, eta bat eginda bikote handia osatzen dute.
Behintzat, ezustekoa emateko asmoz ekingo diezue lehiari.
Partidaz partida joaten saiatuko gara. Gainerako aurkariei gauzak zail jarri nahi dizkiegu, neurketak irabazteko eta sailkapenerako ahalik eta puntu gehien lortzeko asmoz. Gure hasierako helburua lehen lau postuetan bukatu eta finalerdietako ligaxkarako sailkatzea izango da. Nola ez, parte-hartzaile guztiok guztia ematera aterako gara, baina ea lan txukuna eginez, finalerdietara iristeko aukera dugun.
Binakako txapelketan eskarmentu handia duzu. Izan ere, 2007an eta 2008an txapeldun izan zinen. Azken hiru urteak, ordea, ez dira horren onak izan. Txapela berriz janztea posible ikusten al duzu?
Zalantzarik gabe, horretan saiatuko gara, baina nahikoa zaila izango dela iruditzen zait. Urrutikoetxea-Iza bikote oso indartsua da, eta haiek dituzte irabazteko txartel guztiak. Hala eta guztiz ere, txapelketa oso luzea da, eta gorabeherak egon daitezke. Tartean, eragile asko daude. Besteak beste, lesioak izaten dira, eta bikotekideen arteko jokoak ere funtzionatu egin behar du. Aurreneko bi urte horietan, esaterako, gauzak itzel atera zitzaizkidan. Azken urteetan, aldiz, lesioak izan ditudala eta, ez naiz nahi bezala aritu.
Orain, zer moduz zaude? Sasoiko eta lesiorik gabe al zabiltza?
Iaz ongi ibili nintzen urte osoan, baina orain azken partidatan eskuetatik justu samar bukatu dut. Ez dut uste larritzeko moduko ezer dudanik. Pilotari guztiok izaten ditugu molestia txiki hauek, baina badaezpada ere masajistarekin zaintzen ari naiz, eta ez zait iruditzen arazorik emango didanik txapelketan zehar.
Promozioko edo bigarren mailako txapelketa da honako hau. Zu al zara koadrilako beteranoena?
Ez dakit beteranoena naizen, baina beteranoetako bat naizela, hori bai. Ni ere adinez aurrera noa, eta promozio delako horretatik urruntzen. Jende oso gaztea sartzen ari da, eta gure enpresak (Asegarce), behintzat, oreka hori topatu nahi izan du gure bikotea eratzerako orduan. Ondorioz, esperientziadun bat hasiberri batekin elkartu ditu.
Eta nork ematen dute errespetu handiagoa gazteek ala beteranoek?
Gazteak txapelketak jokatzen ari badira eta hor baldin badaude, zerbatengatik da. Gazterik egin dute debuta, eta mundua jateko gogoz kantxaratzen dira. Gainera, pilotan ere asko jokatzen dute. Beteranook ofizioa ezagutzen dugu, eta gure eremua markatzen saiatzen gara, eta ahal dugun neurrian gazteen jokoari eusten.
Adinean ere aurrera zoaz; 30 urte beteko dituzu aurten. Txapelketa hau izan al daiteke lehen mailara jauzi egiteko azkenetako aukera?
Betidanik izan dut argi lehen mailan jokatzeko oso-oso ongi egon behar duzula, eta, horrez gain, bikain erantzun behar duzula partidatan. Jakina, aukera guztiak aprobetxatu egin behar dira, baina jauzi hori ematea benetan nekeza da. Lehen mailan pilotari handiak dabiltza, eta horiei lekua kentzea ikaragarri zaila da.
Gero eta gazteagoek egiten dute debuta profesionaletan. Horiek tokia kenduko dizuten kezkatzen al zaitu? Bermatuta ikusten al duzu zure ibilbidea?
Bermatuta ez dut ikusten. Jakin badakit hor jarraitzeko gogor entrenatu behar naizela.
Askotan, gainera, erabaki teknikoak izaten dira, eta ez da pilotariaren esku egoten. Enpresako arduradunek ikusten badute gazteak tokia kentzen ari zaizkizula, kontratua bukatzen zaizu, eta kale gorrira zoaz. Hemen ere beste edozein tokitan bezala gertatzen da. Niri, zorionez, urtebetez luzatu didate kontratua, eta gustura nago. Horrekin erakutsi didate oraindik nirekin kontatzen dutela.
@Jokin Argote pilotariari egindako elkarrizketa osorik irakurri nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.sasoian.info