Estatutuak aldatuta ere, tren museoak Azpeitian jarrai dezan lan egingo du udalak

Urola Kostako Hitza 2012ko urtarrilaren 5a

Azpeitiko Trenaren Museoa kudeatzen duen Burnibidearen Euskal Museoa fundazioaren estatutuak aldatu edo ez erabakitzeko bilera egingo dute erakundeko kideek urtarrilaren 12an, gaur zortzi. Azpeitiko Udalak fundazioan badu parte bat, baina oso-oso txikia, ehuneko bata. Herenegun, ohiko udalbatzarrean, Eneko Etxeberria alkateak (Bildu) fundazioaren estatutuen aldaketaren berri eman zuen, eta udalak izan beharreko jarrera adostu eta zuten alderdiek. Trenaren museoa aurrerantzean ere Azpeitian izatea lotu nahi du Udalak. Beraz, Etxeberriak museoko fundazioaren aurreko bilera batean egin zuen bezala, udalak hori eskatuko du fundazioaren estatutuak onartzerako orduan: «Estatutuen laugarren artikuluan, museoa tokiz aldatzeko erabakia museoaren sortzaile guztien adostasunarekin hartu beharko dela zehazteko eskatuko dugu». Hori onartuz gero, estatutuen alde bozkatuko du Udalak. Baina hori hala ez balitz, kontra egingo du. Eusko Trenek museoaren zuzendari ohi Juanjo Olaizolarekiko izandako jarrerarekin ez dator bat. EAJko zinegotzien arabera, «krudela» izan da Olaizolarekin egin dutena, eta estatutuen aldaketarekin ez dator guztiz bat. Diruaren truke, partaide Etatutuen aldaketak Trenbidearen Lagunen Erakundea fundaziotik kanpo utzi dezakeela uste du udalak. «Estatutuen aldaketak esaten du dirua jartzen duena izango dela fundazioko kide. Berez ona izan daiteke proposamena, baina ibilian-ibilian Trenbidearen Lagunak fundaziotik kanpo uzteko bidea izan daiteke», azaldu du alkateak. Azpeitiko Udalak aurten 12.000 euro jarri beharko du museoaren fundazioan.Trenaren museoak bisitari asko ekartzen du herrira, eta udalak fundazioan diru hori jartzeak merezi duela uste du alkateak. Burdinbidearen fundazioko estatutuak «blokean» onartzea edo ez onartzea proposatzen dute erakundearen hurrengo bilerako gai ordenean. Hala azaldu die Eneko Etxeberriak Udalbatzako gainontzeko kideei. «Urtarrilaren 12an erabakiko da fundazioko estatutuak aldatu edo ez. Guk gutxiengoa dugu, oso txikia; Azpeitiko Udalaren ordezkaritza %1 da. Estatutuak blokean aldatzea proposatzen dute, eta erantzuna bai, ez, edo abstentzioa da». Gatazka giroa Fundazioa da trenaren museoaren jabea, eta fundazioaren baitan giroa ez da batere lasaia. «Lan gatazka baten ondorioz sortu da giro txarra», azaldu du alkateak udalbatzarrean. Duela urtebete Azpeitiko Trenaren Museoko zuzendaritzatik kendu zuten Juanjo Olaizola. Ondoren, postu hori betetzeko lehiaketa egin zuen Eusko Trenbideak erakundeak. Olaizola aurkeztu zen lehiaketara, eta laugarren postuan geratu zen. Maitane Ostolaza zumaiarra gelditu zen lehen postuan. Hala, Ostolaza izendatu zuten tren museoko zuzendari. Zuzendari berria aukeratzeko lehiaketan «gardentasun eta neutraltasun falta» salatu zituen Trenbidearen Lagunak erakundeak. Erakunde horretako presidentea Olaizolaren emaztea da. Olaizola Eusko Treneko langilea ere bazen, baina pasa den abenduan kaleratu egin zuten. Enpresaren arabera, «adierazpen askatasunaren mugak gaindituta, museoaren eta hango profesionalen irudi publikoari kalte» egin zion museoko zuzendari ohiak. -------------------------------------------------------- Udalak bat egin du presoen eskubideen aldeko manifestazioarekin Herenegungo udalbatzarrean mozio bat ere landu zuen udalbatzak. Bilduko Haritz Epelde zinegotziak aurkeztutako mozioa zen, eta han, besteak beste, larunbatean Bilbon euskal presoen alde egingo den manifestazioarekin bat egiteko eskatzen zitzaion Azpeitiko Udalari. Bilduko zinegotziek mozioaren alde bozkatu zuten, EAJkoek kontra egin zuten, eta Hamaikabateko zinegotziak ez zuen bozkatu. EAJko zinegotziek kontramozio bat aurkeztu zuten, Bildukoek aurkeztutakoaren «erantzun modura». «Guk uste dugu mozioak puntu bat falta duela elkarbizitzan aurrera egiteko. Uste dut ez dela garaia manifestazio erraldoiak edo kolosalak egiteko», azaldu zuen EAJko Jesus Larrañagak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide