Igogailua jarriko dute Goiko Kalen egitekoak diren jolas parkean

Ane Olaizola 2012ko urtarrilaren 5a

Orioko Udala 2010etik garatzen ari da alde zaharra zaharberritzeko plan berezia, eta hirugarren jarduera hastear dira. Hala ere, hasiera batean aurreikusitako proiektuari hainbat aldaketa egin dizkiote. Izan ere, Goiko Kaleko zabalunean jolas parke bat egitekoak dira, eta hasiera batean horren alboan elbarrituentzat egokitutako hainbat malda egitekoak baldin baziren ere, horien ordez igogailua jarriko dute. Aurreko proiektuarekin jolas parkean leku askorik geratzen ez zela irizten dio Beñat Solaberrieta Orioko alkateak, eta horregatik azpiegitura hori «beste modu batera» egitea planteatu dute. Aurrekontuak gora Aldaketa horrez gain, beste proiektu guztia bere horretan mantenduko dute. Hala, Goiko Kalen sustapen pribatuko etxebizitzak erakiko dituzte, eta horiekin batera garajeak ere egingo dituzte. Aldaketok 95.000 euro igoko dute aurrekontu orokorra. Orioko udalbatzak pasa den astean onartu zituen moldaketak. Sustapen pribatuko etxebizitzen promozioa tasatu dute dagoeneko, eta Orioko Udalak pertsona bat hartu du horren kudeaketa aurrera eramateko, alkateak adierazi duenez. Beraz, herritarrek dagoeneko zozketarako izena eman dezakete, udaletxean bertan. Udalak etxebizitzak bizpahiru urtean amaituta izatea aurreikusten du. Behin horiek eginda daudenean hasiko dira jolas parkea eraikitzen. Bertan, besteak beste, saskibaloi kantxa eta bi frontoi txiki egingo dituzte. Orioko Udalak 2010. urteko ekainean sinatu zuen herriko alde zaharra zaharberritzeko plana, eta ordutik hainbat lan egin dute eremuan. Besteak beste, Antxiola eta Iturbide kaleetan jolas parkea eta ibiltokiak egin dituzte, eta kale nagusian igogailua jarri dute. Halaber, hirugarren jardunaldiarekin ez dute plana amaituko, beraz. Etorkizunean ere hainbat aldaketa egingo dituztela aurreratu du Solaberrietak. Gaztekekua, lehiaketara Bestetik, Ametsa gaztelekuaren kudeaketa lehiaketa publikora atera du udalak. Beraz, herritarrek euren proiektuak aurkezteko aukera izango dute udaletxean. Hiru urtez Txurrumuski Aisialdi Taldeak kudeatu du Orioko Udaleko Gaztedia Saileko gaztelekua. Manifestaziorako deia Udalbatzak euskal preso politikoen eskubideen aldeko mozioa onartu zuen azken udalbatzarrean, eta larunbatean, urtarrilaren 7an, aldarrikapenarekin bat egin eta Bilbon egitekoa duten manifestazio nazionalean parte hartzera deitu zituen oriotarrak Orioko Udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide